Mutrikuko elikagaien bankua martxan dago

2013/07/17
Herritar talde batek kudeatzen du Udalarekin elkarlanean;herriko 54 familiengana heldu da boluntarioen lana.

Udala eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren arteko lankidetza hitzarmena martxan dago joan den hilabeteetan. Boluntario talde batek kudeatzen du herriko elikagaien bankua.

Udalak eskainitako azpiegiturak erabiltzen dituzte elikagaien bankua aurrera eramateko, eta momentura arte 54 familia lagundu dituzte. “Herritarrak izan ziren ekimen hau martxan jartzeko eskaera egin zutenak.  Begi onez ikusi genuen hasieratik haien asmoa, eta beharrezko tramiteak egin genituen”, azaldu du Politika Sozialeko buru Arrate Urangak. “Datuak ixilpekoak direnez, Ongizatetik egiten da haien kudeaketa. Lanerako behar dituzten azpiegiturak -lokala, elikagaiak ekartzeko autoa, kartelak, antolakuntzarako egutegiak…- Udalak eskaintzen dizkie Gainontzeko guztia herritarrek eurek egiten dute”.

BERGARARA BISITA
Urangak oraintsu bisitatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran duen banaketa gunea. 

Bergarako gunean, Gipuzkoa mailako antolaketaren nondik norakoak ezagutzeko aukera eduki du zuzenean. “Gipuzkoan, tamalez, gero eta familia gehiagok jo behar izaten dute elikagaien bankuetara. Beharraren aurrean, bai Gipuzkoa mailan eta bai Mutrikun boluntarioek egiten duten lana txapela kentzekoa da”, nabarmendu du nahi izan du Urangak. Izan ere, Bergarako gunea, Mutrikukoa bezalaxe, boluntarioek kudeatzen dute. “Elikagaien bankua hornitzeko, gehienbatean, merkatu handiekin hitzarmenak egiten dituzte, baina laguntzeko modu asko dago”, azaldu du Urangak. “Esaterako, uda pasata, janari bilketa erraldoia egiteko asmotan dabiltza, eta orduan guztion ekarpenak izango dira baliozkoak”, gaineratu du.

Elikagaien bankua kudeatzeko taldeko kide izan nahi dutenek edota bankuari buruzko bestelako informazioren bat jaso nahi dutenek udaletxeko Ongizate Sailera jo beharko dute.