Mutrikuko Mandazketa elkarteak Juanjo Lekunberri ‘Xapo’ omendu du

2014/07/22

Urteroko hitzordua zena momentu magiko bilakatu da. Malen jaiei hasiera emateko gauean, danborradaren txanda amaitu eta gero, elkarteko kideek, urte askoan elkartean, eta elkartetik herriarentzat, lan egin duen herritarra omendu dute: Juanjo Lekunberri Xapo. Plaza bete jenderen aurrean, omenduak Mutriku herria abestia gidatu du, danborradako zuzendariaren makila bere eskuetan hartuta.

23:00ak puntuan atera dira Mutrikuko Mandazketa elkarteko kideak, danborrak soinean zituztela, Goiko Plazatik. Beheko Plazarako bidea egin, han errepertorioa eskaini eta berriro ere Goiko Plazara ailegatu dira.

Goiko Plazan jo beharrekoak jo eta gero, omenaldiarentzat egin dute tartea.

Ostean aurreskua egin dute dantzariek eta azkenik, Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek txupina piztu dute. “Jaietan ondo pasa” esanez, Malen jaiei ofizialki hasiera eman diete MRK-ko kideek.

Jai giroak plazan eztanda egin eta ez du etenik eduki.

Behin txupina botata, presoen aldeko urteroko manifestazioa hasi da, Goiko Plazatik.


ARGAZKIAK: Udaletxeko facebook-ean (hurrengo egunetan hemen izango dituzue eskuragarri)

ITURRIA: Mutrikuko Hitza