Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaiak udazkeneko lehen egunak alaitzera datoz

2014/09/26

Mutrikuarrek zein ondarrutarrek asko estimatzen duten Mijoa auzoko San Jeronimo jaiak etzi iluntzeko txupinarekin hasiko dira. «San Jeronimo eguna aste tartean denez, asteburuan hasiko ditugu jaiak denok ospatu ahal izateko», azaldu dute jai batzordeko kideek. Betiko modura, urteroko aldarrikapenari eutsiko diote, gainera; «usaina bai, antzik ez!!!», eskatuko dute.

Zapatu gaueko ospakizunek ez dute etenik edukiko, eta goizaldeko ordu txikiak arte jarraituko du jai giroak. Domeka, berriz, mezarekin hasiko dute, auzokoen arteko herri kirol eta jolasekin jarraitzeko. Bien bitartean, berritasun modura, umeek puzgarrietan jolasteko aukera ere izango dute. Eguerdia elkarrekin ondo pasatu, eta ondoren, auzotar denak auzo bazkarian batuko dira. San Jeronimo eguna ere, ekimenez beteta dator. Aurten ere, Isasiko Patxi toreatzen eta auzoko jaiak DJ SanJeren erromeria bereziarekin agurtuko dituzte.

 

EGITARAUA
Zapatua

  •     20:00. Txupinazoa.
  •     21:00. Bertso afaria Sebastian eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
  •     Ondoren. DJ Burgañarekin erromeria.
  •     Goizaldean. Txokolatada.


Domeka

  •     12:15. Meza.
  •     Ondoren. Auzokoen arteko herri kirol eta jolasak.
  •     Goiz guztian. Puzgarriak.
  •     Eguerdian. Auzo bazkaria.


Irailak 30, martitzena. San Jeronimo eguna

  •     11:00. Meza.
  •     Ondoren. Kañamares anaien eskutik, herri kirolak.
  •     17:00. Umeentzako jaialdia; pailazoak, Ibiriko abereak…
  •     Jaiei amaiera emateko. Erromeria berezia DJ SanJerekin.
  •     Azkenik. Errifen zozketa.

 

 

ITURRIA: Mutrikuko Hitza