Mutrikuko udalak bilera irekia egingo du herritarrekin Metec-Motric eremuaren inguruan

2026/02/12
Metec Motric eremuko proposamenaren planoa.

 

Mutrikuko Udalak martxan jarri du Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala AR9 Metec-Motric eremurako, etxebizitza eskaerari erantzun egokia emateko helburuarekin.

Herritarrek Arau Subsidiarioen aldaketan parte hartzeko programa ere onartu zuen udalak iazko ekainean, eta horregatik, aldaketari hasierako onarpena eman aurretik egingo da bilera irekia herritarrekin.

Datorren astelehenean, hilak 16, arratsaldeko 18:00etan Zabiel Kultur Etxean bilera izango da proiektuari buruzko azalpenak emateko. Proiektuaren helburu orokorrak azaldu ostean, proiektua landu duten teknikarien eta udal teknikarien aldetik azalpen egokiak emango dira.

Udalak eskuragarri jarriko du proiektuaren zirriborroa hirigintzako departamenduan. Dena den, proposamena laburbilduta honako litzateke: azken urteetan degradatzen ari den eremu industrial izandakoa mutrikuarron erabilerarako berreskuratzea eta antolatzea. Nagusiki bizitegi erabilerarako den eremu orokorra izango da, guztira 74 etxebizitza aurreikusten dira, horietatik 18 babes sozialekoak eta beste 18 tasatuak. Horretaz gain, 35 aparkaleku publiko ere aurreikusten dira.