Mutrikuko Udalak eta Klik Mutrikuk hitzarmena sinatu dute musika eskolako teilatuan instalazio fotovoltaikoa jartzeko

2026/10/09

 

Mutrikuko Udalak Musika Eskolako teilatua lagako dio Klik Mutriku Energia Berriztagarrien Komunitateari, bertan eguzki-plakak jartzeko. Akordioaren arabera, 25 urterako lagapena izango da, eta epea beste bost urtez luzatzeko aukera ere jasotzen du hitzarmenak.

Instalazioak 23,4 kWp-ko potentzia izango du, eta guztira 40 modulu fotovoltaiko jarriko dira Almirante Gaztañeta kaleko 9. zenbakian. Proiektuaren helburuak, besteak beste, energia berriztagarria sortzea eta tokiko autokontsumo partekatua sustatzea dira. Hain zuzen ere, indarrean dagoen araudiaren arabera, kontsumo-puntuak energia sortzen den instalaziotik gehienez ere 5 kilometrora egon behar dira eta, ondorioz, Mutrikuko herritar guztiek instalazioan sortutako energia erabiltzeko aukera izango dute.

Hitzarmenean, halaber, instalazioak sortutako energia kontsumitzaileen artean banatuko dela zehaztu da eta kontsumitzaile nagusiak Klik Mutrikuko bazkideak izango dira, bai eta Mutrikuko Udala bera ere.

Kliketik adierazi dutenez, instalazio honen bidez 40 etxebizitza inguru hornitzeko aukera aurreikusten da eta jada esleituta daude plazak, 2025eko abenduan egindako bazkidetza kanpainaren bitartez. Proiektuak, gainera, Udaleko gizarte zerbitzuekin elkarlanean, pobrezia energetikoari aurre egiteko asmoz, egoera zaurgarrian dauden erabiltzaileentzako hainbat plaza gordeko ditu.

Klik energia berriztagarrien komunitatea 15 bat herritarren eskutik sortu zen, Udalak bultzatutako parte-hartze prozesu baten ondoren. Dena den, une oro eskaintzen dute elkartearen parte izateko aukera: izan kooperatibaren partaide gisa, bazkide kontsumitzaile gisa edo laguntzaile moduan.

Instalazio fotovoltaikoa garatzeko, Klik Mutrikuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren dirulaguntza jaso du eta laguntza horri esker, proiektuaren kostuaren %75 finantzatu ahal izango da.

Musika Eskolako instalazioa komunitateak Mutrikun garatuko duen bigarren proiektua izango da. Lehen instalazioa ikastolako jolaslekuan egin zen, eta urte amaierarako bertan sortutako energia autokontsumitzen hastea aurreikusten da.

Aldi berean, Klik Mutriku etorkizuneko instalazio berriak garatzeko teilatu eta kokaleku berrien bila ari da. Etxebizitza eta pabiloi pribatuetan hainbat aukera aztertzen ari dira, eta komunitatearen asmoa da datorren urteari begira hirugarren instalazio bat egiteko kokaleku egokia aurkitzea.

Horrela, Mutrikuko Udalak eta Klik Mutriku Energia Berriztagarrien Komunitateak energia-eredu jasangarriago, deszentralizatuago eta herritarren parte-hartzean oinarrituago baten aldeko konpromisoa berretsi dute.