Mutrikuko Udalak gazteen lokalen erabilera eta bizikidetza hobetzeko plana jarri du martxan

2025/11/12
Mutrikuko Udalak “Gazte Lokalak – Bizikidetza eta Erantzukizuna” izeneko plana jarri du martxan, herriko gazte lokalen erabilera eta bizikidetza hobetzeko helburuarekin. Ekimen hau lau hilabetetan garatuko da eta gazteak, lokalen jabeak eta Udala elkarlanean arituko dira, gazteen aisialdirako espazio seguruak eta bizilagunen lasaitasuna uztartzeko.

 

Mutrikuko Udalak gazteen lokalen inguruko bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko prozesua jarriko du martxan. Helburua da gazteentzako aisialdirako espazio seguru, garbi eta egokiak bermatzea, eta aldi berean auzokideen lasaitasuna zaintzea.

Lehen urrats gisa, Udalak Gazteen Aisialdiko Lokalen Udal Ordenantzak aurreikusten duen lokalen erregistro ofiziala eguneratu nahi du. Erregistroa eguneratzeko gazteen eta lokalen jabeen parte-hartze zuzena beharrezkoa izango da. Horretarako, galdetegi labur bat zabalduko da gazte-taldeei eta lokalen jabe edo titularrei, beren egoera eta konpromisoak jasotzeko.

“Udalak ez du ikuskapen gisa ulertzen prozesu hau, baizik eta elkarlan gisa,” adierazi dute udal ordezkariek. Ekimen hau “Gazte Lokalak – Bizikidetza eta Erantzukizuna” izeneko planaren lehen fasea da eta sei hilabetetan garatuko da.

Udalak azaldu duenez, lehen fase honetan oinarriak jarriko dira: datuen eguneraketa eta harreman zuzenak ireki lokalen erabiltzaileekin eta lokal horien jabeekin. Galdetegiak online bete daitezke udal webgunearen bidez, gobernazioa@mutriku.eus helbidera bidali edo paperean Udaletxeko sarreran eskuratuz eta baita entregatuz. Lehen faseko datuak entregatzeko azken eguna abenduaren 12a izango da.


Udalak gogorarazi du prozesua ez dela zigortzeko helburuarekin jarri martxan, baizik eta lokalen egoera hobetzeko eta auzotarrekin bizikidetza hobetzeko asmoarekin. Planak lau fase izango ditu guztira: lehenengoan erregistroa eta lankidetza abiaraziko dira; bigarrenean, gazte eta jabeen arteko komunikazioa eta jarduera arduratsuak sustatuko dira; hirugarrenean, bisita lagunkoiak eta prebentzio-lana egingo dira; eta laugarrenean, balorazioa eta etorkizuneko hobekuntza-neurriak aurkeztuko dira.

Horren bidez, Mutrikuko Udalak eredu iraunkor eta parte-hartzaile bat sendotu nahi du, bizikidetza eta gazteen aisialdi osasuntsua uztartzen dituena.


LOKALEN JABEEI ZUZENDUTAKO FITXA

GAZTE ERABILTZAILEENTZAKO FITXA