Mutrikuko Udalak herriko basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko udal dirulaguntzak emateko deialdia aurkeztuko du

2023/03/21

 

Gipuzkoako Lurralde Historikoko basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako 2022ko dirulaguntzen deialdian onuradun izan diren Mutrikuko baso jabeek eskuratutako laguntza osatzeko udal dirulaguntzak emateko deialdia jarri du abian Mutrikuko Udalak. Dirulaguntzen inguruko informazioa eta azalpenak martxoaren 23an, ostegunean, emango ditu Udalak 19:00etan Udaletxean.

 

Mutrikuko Udalak, Gipuzkoako Diputazioak abiatutako bidetk, baso jabeei laguntza eman nahi die herriko etorkizuneko basoak izango direnak gaur has daitezen landatzen. 2022ko dirulaguntza foralen onuradun izan diren Mutrikuko baso jabeek eskuratutako laguntza osatuko duen lehen herria izango da Mutriku. Hori dela eta, herriko baso jabeei dirulaguntzaren inguruko informazioa eta azalpenak eskainiko dizkie martxoaren 23an, osteguna, 19:00etan Mutrikuko Udaletxean.

Pinuaren aurka egin zuen banda marroiaren gaixotasuna heltzearekin batera herriko paisaiaren eraldaketa handia sortu zen, ohizkoak ziren zuhaitzez betetako mendi magalak zurituta eta lurra agerian ikusteraino. Zuhaiztak horrenbestean gutxitzeak paisaiaren eraldaketa ez ezik arriskuak ere ekarri ditu deforestazioari lotuta. Lurraren higadura handia arrisku horietako bat izan daiteke, lurrazalaren gaineko geruza garrantzitsua galtzea eta, ondorioz, inguruetako bioaniztasunaren galera ere ekar dezakeena.

Arrisku horiek ekiditeko modu egokienetako bat birlandaketei ekitea izan daiteke, eta horretan berebiziko garrantzia hartzen dute baso jabeen ekimenak eta erakundeen laguntasunak. Basoak jabetza pribatuak diren arren, komunitate osoarentzako ondasun naturalak dira, eta, baso horiek klima aldaketaren aurkako borrokan deskarbonizazio lanetan gizarte osoaren zerbitzuan jardungo dutenez, ezinbestekoa da berandu baino lehenago hastea birlandaketa ardurei heltzea.

Ildo horretatk, Mutrikuko Udalak, baso jabeei laguntza eman nahi die basoak birlandatzen, paisaia berreskuratu eta egungo nahiz etorkizuneko arriskuak ekiditeko helburuarekin.