MUTRIKUKO UDALAK UDALERRIKO NATURA BABESTEN ETA HOBETZEN DIHARDU
Mutrikuko inguruetan hainbat natura-altxor aurkitu daitezke, hala nola, iratze paleotropikalak, artadiak, kostako habitat naturalak, duna eta paduretako espezie bereziak. Duela urte batzuk horien kontserbazio eta hobekuntzan lan egiteko erabaki irmoa hartu zuen udalak, eta aurten lan horretan jarraitzen du Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean.
Natur-ingurunea zaintzeko eta babesteko helburuarekin, hiru tokitan gauzatzen ari dira ekintzak: Ormolako putzua, Artzainerreka bailara eta Deba ibaiaren itsasadarra.
Ormolako putzua
Arno Kontserbazio Bereziko Eremuan dago Ormolako putzua, eta 200 m² inguruko azalera izanik lurraldeko tamaina handienetako urmaela da. Bertan Europako Habitat Zuzentarauak babesten duen uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) aurkitu da berriki, eta beste hainbat anfibio eta odonato espezieren bizitokia ere bada.
Urmaelaren kontserbazio egoera hobetzeko lanak ez ezik, sentsibilizaziora eta ingurumen hezkuntzara bideratutako jarduerak ere gauzatzen ari dira, hala nola, egurrezko itxitura berritu, informazio-panela jarri, putzu ertzak leundu, putzuaren intsolazio maila handitu, landare berriak auzolanean landatu eta herriko ikastetxeekin urmaelaren biodibertsitatea ezagutzeko formazio saioak egin.

Irudia 1. Uhandre marmolairea, eme heldua
(argazkia: Alberto Gosá)
Artzainerreka eta bere erreka-adarrak
Artzainerrekak balio handia du bertako biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspegitik. Batetik, Arno eta Urdaibaiko Artadi Kantauriarren arteko Korridore ekologikoaren Indargetze eremuan kokatzen da bete-betean. Faunari dagokionez, galtzeko arriskuan dagoen bisoi europarraren (Mustela lutreola) intereseko habitata da Artzainerreka, eta, berriki, EAEko espezie mehatxatuen katalogoan barneratutako baso-igel iberiarra (Rana iberica) aurkitu da. Florari dagokionez, berriz, mehatxatuta dagoen Woowardia radicans iratze paleotropikalaren nukleo oparoak bizi dira errekan eta bere erreka-adarretan. Udala burutzen ari den ekimenaren baitan Woodwardia radicans iratzearen prospekzio lanak eraman dira aurrera.
Duela urte batzuk Udalak 6.07 ha-tako lursaila erosi zuen inguru honetan. Lursail horretan bertako basoak berreskuratzeko lanean hasia da, espezie inbaditzaileak erauzten eta bertakoak landatzen, artadia, hariztia zein haltzadia leheneratzeko.

Irudia 2. Baso igel iberiarra, ar heldua
(argazkia: Aitor Laza)

Irudia 3. Babestuta dagoen Woodwardia radicans iratzea Artzainerrekan
(Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saila)
Deba ibaiaren itsasadarra
Casacampo deituriko inguruan itsasoratzen da Deba Ibaia. Bertako paduran, EAEko espezie mehatxatuen katalogoan barneratzen diren landare espezieak bizi dira: Salicornia emerici eta Frankenia laevis subsp. laevis. Proiektu honetan espezie horien jarraipen lanak burutzen dira haien kontserbazio egoera ona bermatu ahal izateko.

Irudia 4. Frankenia laevis
(argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)
Egitasmoaren fase hau 2025 urtean hasi zen, eta 2026ko urte amaieran bukatuko da. Mutrikuren balio natural horiek babestu eta indartu nahi badira, berebebiziko garrantzia izango du hasitako lanei jarraipena ematea eta herritarrak egindako lanekiko sentsibilizatzea.
