MUTRIKUKO V. ZIRIAKO ANDONEGI MIKROIPUN LEHIAKETAK BADITU GARAILEAK

2021/04/30

 

Ziriako Andonegi Mikroipuin sariketa Anuska Tena Peña mutrikuarrak irabazi du helduen mailan eta Joakin Larrañaga Arkotxaren mikroipuina izan da mutrikuarren artean lanik onena. Gazte mailako saria banatu gabe geratu da, lanik ez baita aurkeztu lehiaketara. Guztira 47 lan aurkeztu dira aurtengoan, horietatik 25 mutrikuarrenak.

 

SARI NAGUSIA:
HAURREN BEGIRADA IRAKURTZEN IKASI ZUEN NESKA
 - Anuska Tena Peña - 

Harrerako herrialdean dena zen desberdina; pertsonen itxura, hizkuntza… Azal koloreagatik epaituta sentitzen zen ama, alaba ez. Bertakoa ez izateagatik baztertuta sentitzen zen ama, alaba ez. Amak ezin zituen herrialde berriko hitzak irakurri, alabak bai ordea; irribarreak estalita zeuden garaian, haurren begiradetan irakurtzen zituen bihotzetatik ateratako mezuak, xamur-xamurrak.

Amak Birmaniara bueltatu nahi zuen,alabak aldiz ez.

Aurrerago, alaba haurren begiraden esanahia itzultzen hasi zitzaionean, helduen begiradetatik desberdintzen hasi zen ama.

Amak Birmaniara bueltatu nahi izan zuen alabak haurren begiak irakurtzen erakutsi zion arte; zoriontasuna, berdintasuna, etab. islatzen zutela ulertu zuen.

Etorkizunean heldu guztien begiradetan berdina irakurriko duela sinesten du amak.

 

MUTRIKUAR ONENAREN SARIA:
HARRIZKOA?
 - Joakin Larrañaga Arkotxa - 

Diabolo baten hegaldiak apurtu zion aginte hatzaparra Koxmeri. Txurruka-zaleak, Nepomucenoren almirantea hala ikusirik, bizkor aurkitu zuten izendun eskultorea istripua konpontzeko. Hatzapar berria ezartzean, inor ez zen konturatu azazkal azpian egindako zuloaz.

Hego-haizeak jo bakoitzean, haserre ikusten zitzaion kale-garbitzaileari plazako galtzada-harrien gainean agertzen zen marmol-tanta arrasto gogorra kentzen. Zer ote?

Epel zegoen gaua Laxaro tabernatik zanbuluka irten zenean zerura begira etxerako bidea izarretan aurkitu asmoz. Biribil-biribil eta irtenak gelditu zitzaizkion begiak Koxmeren hatzapar konpondua zakil baten antzera luzatzen ikusi eta isurketa zurixka jaurti zuenean. Gertakaria kontatu arren, nork sinistu ordu txikietan balantzaka ibiltzen zenari?

Kale-garbitzailearen haserreak jarraitu zuten.