MUTRIKUKO VI. ZIRIAKO ANDONEGI MIKROIPUIN LEHIAKETAK BADITU IRABAZLEAK

2023/05/08

Ziriako Andonegi Mikroipuin sariketa Iñigo Legorburu Arregik irabazi du helduen mailan eta Aimar Andonegi Lekubek gazteen artean. Bestalde, aurtengoan, Joakin Larrañaga Arkotxaren Adio... mikroipuina izan da mutrikuarren artean lanik onena. Guztira helduen kategorian 55 lan aurkeztu dira eta 60 gazteen mailan.

SARI NAGUSIA:
Galaia
- Iñigo Legorburu Arregi - 

Zalantzak izan zituen zein sexu zuen gustukoago aukeratzeko orduan. Baina emakumeekin hobeto moldatzen zela ohartu zen. Behin hasierako herabetasuna ahantzita, haiekin adeitsua izaten ikasi zuen. Seigarren zentzu baten bidez ulertzen zituen. Beste sexuarekin elkarbizitzarako trikimailuak ikasi zituen loreak, bitxiak edo halako baliabide faltsurik erabili gabe. Noizean behin, makillaia pixka bat oparituta, nahikoa zuen.

Alargundutako ama eta ahizpa zaharrengandik jakinduria handia jaso zuen aurretik. Eta lorez-lore ibiltzeak bizi sentiarazten zuela konturatu zen. Espektatiba handiegirik gabe eta heldutasunez jokatuz, jada bazekien zer eskatu ziezaiokeen beste aldeari.

Bere gremioa, mende berriko galaiz osatua aurkitzen dela konturatu da gaur.

Oso erromantikoak direlako tanatopraktikoak.

 

GAZTEEN MAILAKO SARIA:
Azken helgaldia
- Aimar Andonegi Lekube - 

Hiru urte dira jada ama joan zenetik. Itsasertzeko harri batean eseri naiz lasaitasun bila. Azkar ilundu da zerua, euri tantak poliki-poliki nire aurpegia kolpatzen hasi dira. Pixkanaka zapatetako zulo txikietatik euria nola sartzen zaidan nabaritu dut. Brisa hotzak aurpegia zorrotz kolpatu dit alde egiteko eskatzen didaten oihuak izango balira bezala, baina alde nora?

Amak txikitan kontatzen zidan bai, mundu zoragarri hartaz, bizitzak hegalak ematen zizkion unean, bera haraxe joango zela esan ohi zidan. Aspalditik nenbilen nireen bila, baina uste dut aurkitu ditudala, bi pausu falta zaizkidala ama berriro ikusteko. Orain bizitzako erabaki gogorrena edo azkena hartzeko balantzan aurkitzen naiz.

Ama?

MUTRIKUAR ONENAREN SARIA:
Adio...
 - Joakin Larrañaga Arkotxa - 

Zurezko kaxa baten bildurik apartamentuko sarrera gurutzatu duzunean, malkoek lausotu didate ikusmena gogorapenen eremuan bilduz.

Oraindik nerabe, gorpuzkera horrek erakarri ninduen maiteminduta utzirik. Hain liluratuta utzi zenidan, pentsatu gabe ere, eguneroko urratsek zureganako ildoa jarraitzen zutela, pare gabeko edertasun hori begiestera.

Zein ilusio, zein poz, apartamentu honetan babes hartu zenuenean. Arratsaldero jartzen zinen nire besoen artean, soinaren zirrikitu guztiak araka zezaten nire hatz puntek, zure intziriak nire irudimenekin airean txirikordatzea lortu arte.

Leihotik agurtzean, “Anartz bahi-denda” idazkuna zuen furgonetara sartu zaituzte. Etxegabetze-agindua ekiditeko utzi behar izan zaitut, egoera ekonomiko hobeago batean elkartuko garen esperantzarekin. Barkatu, ene bihotzeko harpa!