Mutrikuko Zero Zabor taldeak maiatzaren 24an MunduMOBen parte hartzeko deia egin du

2013/04/30
Parte hartu nahi duten herritar guztiekin kantu koreografiatua prestatu nahi dute; ekimenarekin 'aldarrikatzen duten baikortasuna eta mundu hobea' islatu nahi dute antolatzaileek.

«Mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berekin jasotzeko eskubidea daukagu guztiok, eta eskubide hori berma dadin, hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berekin uzteko betebeharra daukagu». Mezu horri jarraituta, MunduMOB ekimena egingo da Mutrikun maiatzaren 24an, Mutriku Zero Zabor taldeak antolatuta.

MunduMOB ekimenarekin iraunkortasun printzipioen baitan erakiko den munduaren oinarriak gizarteratu eta indarrean jarri nahi dituzte. Antolatzaileek esan dutenez, ekimenean kantu koreografiatu bat egin beharko dute herritarrek, elkarrekin, musika eta dantza bidez . «Kantaren letrak mezua zabalduko du, eta koreografiak herritarrei parte hartzeko aukera emango die», zehaztu du Mutriku Zero Zabor taldeak.

Hartara, aldarrikatzen duten baikortasun eta mundu hobea islatuko ditu ekimenak, aldarrikapena ondo pasatzeari lotuta egongo baita, dantzari, musikari eta  ekintza kolektiboari lotuta.

Horrez gain, ekimenaren ikur izango den mundu bola erraldoiak presentzia izango du ekimenean. «Hau eskuz esku pasatuz, munduMOBen bidez eman nahi dugun mezu nagusia irudikatuko da».

Hilabeteko ekimen zabala
Ekimenak hilabete inguru iraungo du, eta asteburuetan gauzatuko da. Eskualdez eskualde aldatzen joango da. Horrela, asteburu batean eskualde bateko herrietan egingo da, hurrengoan beste batean, azken asteburuan Donostiako Plaza Berrin ekintza erraldoi bateratu batekin amaitu arte.

Zero Zabor taldearen esanetan, azken mendeko «garapenkeri itsuak» eta batzuen «aberastasun gose aseezin eta berekoiak» gaur egun inor ukatzen ez dituen kalteak sortu ditu munduan, hala nola, beroketa globala, natur baliabideen gain-ustiapena eta zabor pilaketa. Horren aurrean bi jarrera har daitezke euren iritzian: ezkorra ala baikorra. «Zero Zabor mugimenduak beti eutsi dio baikortasunari, edukiz betetako baikortasunari. Nahi badugu eta ahalegin hori egiteko prest baldin bagaude, mundua hobera alda dezakegu. Zergatik ez saiatu orduan?», galdetu dute.

Parte hartzeko erak
Ekimena babestu eta haren helburuekin bat egiteko modu bat baino gehiago edukiko dute herritarrek. Alde batetik, MunduMOB ekimenean dantza koreografiatuan zuzenean parte hartu ahalko da: maiatzaren 24an, 20:00etan,  Xiri Parkean. Entseguak egingo dira aurretik: maiatzaren 3an, 10ean eta 17an, Beheko Plazan,  19:30ean.

Bestalde, MunduMOB herrian lantzeko sortuko diren batzordeetan parte hartzeko aukera egongo da, bai eta ekimena sustatzeko ekintzetan parte hartzekoa ere: sustapen bideoetan eta iragarkietan, besteak beste.

 

ITURRRIA: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza