Natalia Zubovaren erakusketa zabalik dago Zabielen

2015/06/01
Pastel teknikarekin egindako erretratuak dira eta egunero dao zabalik 19:00etatik 21:00etara; asteburuetan 12:00etatik 14:00etara ere bai.

Asteburuan zabaldu dute Natalia Zubova pintorearen erakusketa. Bertan, Berriatuan bizi den artista errusiarraren pastel teknikarekin egindako erretratuak daude ikusgai.

Erakuketan zenbait herritarri egindako erretratuak ikus daitezke, besteak beste. Erakusketa Arte Lagunak elkarteak antolatu du, Udalaren laguntzarekin, eta ekainaren 14ra arte egongo da zabalik. Ordutegia honakoa da: egunero, 19:00etatik 21:00etara; eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara ere bai.

Zubova 1979an Errusiako Volgorechensk hirian (Kostroma probintzia) jaioa da. 1989tik 1994ra, aipatu hiriko Arte Eskolan ikasi zuen. 1998ra arte arte munduan sortzen eta sakontzen egon zen eta ikasle guztien artean lehenengo saritua izan zen.

1998tik 2001era laborategiko tekniko izateko ikasketak egin zituen. Horiek bukatzean, Ingenieria Kimikoko ikasketak hasi zituen unibertsitatean, 2005era arte. Urte horretan, Espainiara joan zen. 2013an pinturarekiko zuen zaletasunari jarraituz, Pastelez egindako erretratuak proiektuan lanean hasi zen. Ikastaroak egin ditu, teknika horretako formazioa hobetzeko. 2014an espainiar nazionalitatea jaso zuen eta urte berean, Certamen Virtual de Pintura al Pastel de la Asociacion de Pintores Pastelistas Españoles (ASPAS) sariketan parte hartu zuen. Sariketa horretan, Zubovaren lana finalisten artean geratu zen.


ITURRIA: Mutrikuko Hitza