Nautilus mutrikuko ikasgune geologikoak ateak itxiko ditu igandean, “talaixa geomuseoa” gune berriari bide emateko
Nautilus Mutrikuko Ikasgune Gologikoak bere ibilbidearen azken etapari ekingo dio aste honetan. 2007an ireki zenetik 30.000 bisitari baino gehiago izan dituen gune honek behin betiko itxiko ditu ateak datorren abuztuaren 30ean, Talaixa Geomuseoa museo-espazio berriari lekukoa emateko. Espazio berri hau Santa Katalina komentu zaharrean kokatu da.
Aste honetan izango da Nautilus museoa ezagutzeko edo agurtzeko azken aukera. Bertan daude ikusgai Narvaez-Azkarraga bildumako ammonite fosil ikusgarrienak, besteak beste flysch beltza zer den eta nola sortu zen ulertzen laguntzen digutenak. Jesus Maria Narvaezek eta Esperanza Azkarragak 40 urte baino gehiagoz Mutrikuko Flysch Beltzaren eremutik pazientziaz erreskatatutako fosil hauek 100 milioi urte baino gehiagoko dituzte eta Euskal Kostaldeko eremu horretan bizi ziren izakiak nolakoak ziren erakusten digute, artean guzti hau itsaso tropikal baten itsas- hondoa zen garai batean.
Urte hauetan, Nautilus museoak zabalkunde lan handia egin du geologiaren eta paleontologiaren inguruan, fosilen bilduma berezi eta paregabe honetan oinarrituta, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen leku enblematiko eta interes gune bihurtu da.
Horregatik, Udalak azken aste honetan bisitatzera animatzen ditu bai herritarrak bai kanpotarrak, izan ere, ezagutu duten pertsonen oroimenean geratuko den zentro maitagarria da.
Nautilus Ikasgune Geologikoaren aste honetako ordutegia (abuztuaren 30era arte):
• Asteartetik larunbatera: 11:30 – 14:30 eta 17:30 – 19:30
• Igandea: 11:30 – 14:30
Nautilus eta Flyscheko Fosilak eta Flyscha Haurrekin bisita gidatuak:
Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkaearen bi bisita gidatu hauek Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoan egiten dira. Ammoniteak zein flysch beltzaren nondik norakoak azaltzen dira, bai publiko guztiari zuzenduriko bisitetan eta baita familiei zuzendutakoetan ere. Amaitzeko, Zazpi Hondartzak bezala ezagutzen den gunera itsas irteera eder bat egiten da Narvaez-Azkarraga bildumako fosil gehienak atera diren itsas labar bikainak ezagutzeko.
Irteera hauek Talaixa Geomuseoan ere egingo dira, baina hura zabaldu bitartean, bisita eder hauetaz gozatzeko azken aukerak ondorengoak izango dira:
• Abuztuak 25_16:00_ Nautilus eta Flyscheko Fosilak
• Abuztuak 26_16:00_ Flyscha Haurrekin
• Abuztuak 27_10:00_ Nautilus eta Flyscheko Fosilak
• Abuztuak 28_16:00_ Nautilus eta Flyscheko Fosilak
• Abuztuak 29_16:00_ Flyscha Haurrekin
• Abuztuak 30_10:00_ Nautilus eta Flyscheko Fosilak
Erreserbak: www.geoparkea.eus
“Talaixa Geomuseoa: Flyscheko Erraldoiak” Aro berri bat Mutrikuko ondare geologikoa eta Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearentzat
Nautilusek ateak itxiko dituen arren, laster, fosil bilduma ikusgarri hau ikusteko aukera berriro zabalduko da, orain baina baldintza egokiagoetan. Horretarako, Mutrikuko Udalak, Santa Katalina konbentuan egiten ari den lanen artean, Talaixa Geomuseoarentzako solairu bat egokitu du. Bertan, “Flyscheko Erraldoiak” erakusketa iraunkorra prestatu da. Erakusketa honek, egungoa baina eskaintza modernoago eta irisgarriagoa eskainiko du aurrerantzean.
• "Flyscheko Erraldoiak" erakusketa: Gune berri honetan, egun Nautilusean dauden piezak eta Narvaez-Azkarraga bildumako gainerako aleak elkartu dira, 230 fosil baino gehiagoko bilduma bikaina bateratuaz.
• Eduki berrituak eta interaktiboak: Ikus-entzunezko ekoizpen baten bidez, duela 100 milioi urte Mutrikuko itsas ondoa nolakoa zen ikusi ahal izango da, eta baliabide interaktiboen bidez ammoniteen ezaugarriak eta berezitazunak ezagutuko dira.
• Gela didaktikoa: Ikastetxeek eta bestelako eragileek lan egiteko eta hezkuntza-proiektuak garatzeko gune berria izango du.
• Eskaintza hedatua: Turismo Bulegoa irekita dagoen guztietan bisitatu ahal izango da, hau da, urte guztiko irekiera ordutegi bat edukiko du.
• Euskal Kostaldeko Geoparkeko "Nautilus eta Flyscheko fosilak" zein “Flysch-a Haurrekin” bisitak gune berrira egokituko dira eskaintza mantendu eta zabaltzeko.
• Ikastetxeentzako eskaintza indartuko da.
Erakusketa berriaren zabaltze data oraindik ezin da zehaztu, izan ere, komentuaren beste solairuetako zein inguruko urbanizazio lanak amaitu arte ezingo da “Talaixa Geomuseoa- Flyscheko Erraldoiak” gunea zabaldu.
Mutrikuko Santa Kaltalina komentuaren birgaitze jasangarria eta TALAIXA GEOMUSEOA: bisitarientzako interpretazio eta harrera zentroa
Proiektu hau, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren baitan kokatzen da, Deba eta Zumaiako beste hainbat proiekturekin batera, eta Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsekin finantzatu da, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2022an eta 2023an Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planak garatzeko ateratako dirulaguntzen bidez .
Finantzaketa honi esker, Santa Katalina komentu zaharra birgaitu da energia-eraginkortasuneko irizpideei jarraituz; horretarako, isolamendu termikoa jarri da fatxada zein estalkietan eta aerotermia-sistemak ezarri dira, A mailako energia-kalifikazioa lortzeko.
Bestalde, Talaixa Geomuseoaren museografia eta honen gauzatzea finantzatu dira. Turismo Bulegoa berria ere komentuan egokituko da, Talaixa Geomuseoarekin zerbitzu bateratua eskaini ahal izateko. Horrez gain, herritarrentzako erabilgarriak izango diren gune berriak sortuko dira, hala nola, Udal Liburutegi berria, behin behineko erakusketa gela bat eta erabilera anitzeko gela bat.
