Oinak buruan eskolarteko bertso saioa egingo da barikuan, Mutrikun

2014/04/03
Mutrikuko saioan 14tik 18 urte bitarteko bertsolariak ariko dira; saioa 20:30ean, Gaztetxean izango da.

Oinak buruan eskolarteko bertso saioa Mutrikura helduko da barikuan. Ekimena Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatuta dago. Herriko saioa Gaztetxean izango da.

Oinak buruan eskolarteko bertso lehiaketa. Bertan, 18 urtera arteko ikasleek parte hartuko dute. «15 urtera artekoek txapelketan parte hartuko dute, baina ez dute lehiatuko; 15-18 urte bitartekoek lehiatuko dute, soilik».

Helburuei dagokienez, haur eta gazteei «euren neurriko saioak eskaintzea, rol askotan aritzeko bide ematea, adinkideekin harremanak egitea eta bertsolariekin zuzeneko harremana izatea» bilatzen du ekimenak. Bide beretik, adinkideak ekimen hauetara erakartzea eta zaletzea, herriko bertso-eskola ezagutzera ematea eta herrian bertso ekimenak sustatzea ere bilatzen ditu.

Mutrikun barikuan egingo den saioari dagokionez, 19:00etan afari merienda egingo dute. Kanporaketa saioa, aldiz, 20:30ean hasiko da. 

Xabier Astigarraga Mutrikuko bertso eskolako kidearen esanetan, «14 -aurten 15 beteko dituztenak- eta 18 urte bitarteko bertsolariek parte hartuko dute Mutrikuko saioan»: Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Josune Arakistain (Itziar), Ekaitz Zubimendi (Deba), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Jon Mujika (Villbona) eta Urko Arregi (Oñati). 

Sei ariketa osatu beharko dituzte parte hartzaileek: hasierako agurra (neurri librean), lau oinak emanda, zortziko txikian bertso bana, binaka ofizioko gaian, zortziko handian bina bertso, binaka edo hirunaka hiruna kopla trikitilariekin (gaia eman egingo zaie), puntuari erantzun eta gaia emanda bertso bat bota (bakarka) eta bukaerako agurra (neurri librean).

Afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai, 12 eurotan. «Soilik saiora joan nahi duenak ez dauka sarrerarik hartu beharrik», aurreratu du Astigarragak. 

 

ITURRRIA: Mutrikuko Hitza