Otsailean hasiko dira udaran sorosle lanak egin ahal izateko ikastaroak

2013/02/01
Udalak kontratatzen diren sorosleak herritarrak izatea lortu nahi du; herritarrak kontratatu ahal izateko prestatuta behar dute egon.

Udaran sorosle lana egin ahal izateko ikastaroen deialdia egin du Gurutze Gorriak. Guztira lau ikastaro antolatu dituzte, eta guztiak Deban izango dira.

Mutrikuko Udalak ikastaroen berri zabaldu nahi du. Izan ere, sorosle izateko, derrigorrezkoa da zenbait ikastaro eginak edukitzea. Oinarri-oinazrrizkoa Lehen Sorospenak ikastaroa da. Bigarrena, aukeratu daiteke egin nahi den lan motaren arabera. Aukerak hauek dira: Uretako Sorospena eta Hondartzetarako Modulu Zehatza edo Osasun-Garraioko Laguntzailea. “Oraindik erabakitzeke dago nork eskainiko duen hondartzetako zaintza zerbitzua. Dena delako izanda ere, Udalak lortu nahi du sorosleak herritarrak izatea”, adierazi du Joxean Agirregomezkorta gobernazio zinegotziak. “Ahal den neurrian, herritarrei lehentasuna emateko bideak jarriko ditugu”.

Udako lanpostu horietarako ikastaroak otsailean hasiko dira. Lehengo Sorospenak izango da martxan jarriko den lehen ikastaroa. Otsaileko bi asteburu (15-16 eta 22-23) eta martxoko beste bi (1-2 eta 8-9) hartuko ditu. Barikutan klaseak 18:00etatik 21:00etara izango dira, eta zapatutan, 08:00etatik 14:00etara.

Horri lotuta, hondartzan lan egin nahi duten guztiek Uretako Sorospena eta Hondartzetarako Modulu Zehatza ikastaroa egin beharko dute. Ikastaro hori martxoaren 28an hasiko da, eta 11 saiok osatzen dute. Ordutegia 09:00etatik 14.00etara izango da. Ikastaro honetara sartu ahal izateko, ordea, proba bat pasa beharko dute interesa dutenek, eta proba hori martxoaren 22an izango da.

Udan lan egiteko beste aukera, Osasun-Garraioko Laguntzailea ikastaroa egitea da. Ikastaro hori, apirilaren 12an hasiko da eta ekainera arte barikuero izango dira saioak, 18:00etatik 21:00etara.

Azken ikastaroa desfribiladore automatikoari buruzko ikastaroa da. Gurutze Gorritik adierazi dutenez, udaran lan egiteko hau ere eginda eduki behar da, baina lehen sorospenak eta aurrez aipatutako bi ikastaroetako bat eginez gero, azken hau doan egiteko aukera ematen diete sosrosle gaiei.

Informazio gehiago lortu nahi dutenek edota izena eman nahi dutenek honako bide hauek dituzte: 943-19 10 32 telefonora deitu edota deba@cruzroja.org helbidera idatzi.