Portu kalea oinezkoentzat bakarrik izango da astelehenetik aurrera

2014/06/12
Loja Zaharretik Moila Berrira doan bidea itxita egongo da ibilgailuentzako; hondartzara joateko Samikolla-Burumendi errepidea erabili beharko dute.

Astelehenetik aurrera, ibilgailuentzako hondartzarako bidea Samikolla-Burumendi errepidea izango da. Izan ere, Loja Zaharretik hasi eta Moila Berri pareraino doan bidea, Portu kalea, peatonalizatu egingo da.

Intxirri parean itxiko da bidea: bi poste jarri dituzte autoak pasatu ez ahal izateko. “Kontrako norantzan etortzea, uda denboraldian, debekatua egon da azken urteetan. Beraz, tarte guzti horretan oinezkoek izango dute lehentasuna”, azaldu du Joxean Agirregomezkorta gobernazioburuak.

Udal ordezkariak auzokideekin bildu ziren uda denboraldirako neurriaren berri emateko, eta bertaratu ziren guztiek begi onez ikusi zuten erabakia. “Inguru horretako bizilagunak izango dira pasatu ahal izango diren bakarrak, baina ezingo dute tarte horretan aparkatu”, nabarmendu du. Udalak oinezkoentzako eserlekuak ipiniko ditu, gainera, aipatutako tartean.

Horrekin batera, Intxirrixan aparkatzea ere debekatuta egongo da 10:00etatik 20:00etara. “Urteetan egon diren arazoak ekidin nahi ditugu horrela. Gainera, egunez, uretaratzeko zein lehorreratzeko gunea denez, erabiltzaileentzat libre egon behar da.”, azaldu du Agirregomezkortak.  Zumalabetik datozen autoek Kofradi Zaharreko parean, portuko txurruko parean (Bar Puerto eta Txirlatxo tabernen arteko zabaleran) edota Moila Zaharrerako bidean dauden aparkalekuak erabili beharko dituzte.

Aipatu, astelehenetik aurrera Saturrarango aparkalekuan eta Burumendin (Mutriku) TAO zerbitzua ere martxan jarriko dela.