Sabin Osorok jasoko du Mutrikun banatuko den Gure balioak saria

2014/10/29

Aurten Gure Balioak Saria Sabin Osoro elgoibartarrarentzat izango da, Debabarreneko eskualdean eta batez ere bere herrian, Elgoibarren, enpresa zein gizarte arloko hamaika ekimen sustatu eta sortzen laguntzeagatik.

Epaimahaiaren gehiengoak aho batez erabaki du saria Sabin Osorori ematea, ekintzailetasun sozialaren eta enpresaren alorrean egindako lan mardularengatik. Era berean, epaimahaiak kontuan izan du Sabin Osororen izaera nekaezina eta adoretsua, bizitza osoan buru belarri lanean jardundakoa, eta beti protagonismoa albo batera utzi dituelako.

Saria jasotzen duen bosgarren pertsona izan da elgoibartarra. Sariak Debabarrenean gizarte balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu.

Sari banaketa ekitaldia datorren azaroaren 5ean egingo da Mutrikuko udaletxean, 18:30ean. Sabin Osorok errekonozimendua jasoko du, JuanLuis Baroja Collet artistaren brontzezko eskultura, Carmelo Urdangarinen eskutik. Urdangarinek iaz jaso zuen sari berdina. Ekitaldian Javier Elzo soziologoak Ziurgabetasun handiko garaietarako balioak hitzaldia eskainiko du. Luntx batekin emango zaio amaiera ekitaldiari.

Ekitaldian parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman dezakete tokia gordetzeko 943 82 01 10 telefonora deituta edo balioak@debegesa.com helbide elektrokinora idatzita.

ITURRIA: Mutrikuko Hitza