Sagarmiñako frutak eta herrian egindako eztia gehituko zaizkio azoka txikiari zapatuan

2014/10/09
Umeentzako gaztagintzaren inguruko jolasak eta tailerrak egongo dira

Hileko bigarren zapatuarekin batera, azoka txikiak Beheko plaza beteko du. Udazkenean, gainera, inoiz baino beteago dator. Izan ere, ohiko ekoizleei hainbat sari jaso izan duten Sagarmiñako fruta postua eta Julian Villenak Armetxako erlauntzetan egindako eztia gehituko zaizkie.

Azoka 09:00etan martxan egongo da, eta ohi bezala, 14:00ak arte herritarrek bertoko eta sasoiko produktuak erosteko aukera edukiko dute. Bertan batuko dira Mutrikuko Ibiri, Aritza, Antia, Basailun baserrietako produktuak, Iratxe loredendako loreak, Ondarek prestatutako kontserba eta mermeladak eta aurten Idiazabalgo Gazta Eguneko lehiaketa irabazi duen Goienetxe baserriko gazta ere egongo da.

Gainera, gaztak eta gaztagintzak leku berezia edukiko dute urriko azoka txikian. Izan ere, Txantxangorrikoek 3-12 urte bitartekoentzako jolasak eta tailerrak antolatu dituzte egunerako. Gazta festa deitu dutena 11:30etik 13:00ak bitartean izango da. 3-6 urte bitarteko umeekin gaztagintzara jolasen eta marrazkien bidez hurbilduko dira; 6-12 urte bitartekoentzat, berriz, lehaiketatxoa prestatu dute, eta Goienetxeko gazta dastatzeko aukera ere edukiko dute.