Samikollatik Burumendirako bidea itxi egin du Udalak

2013/01/15
Eurijasaren ondorioz errepideak behera egin du berriro ere; pasatzen ez uzteko erabakia herritarren segurtasunagatik hartu dute.

Egunotako eurijasen eraginez Samikolla-Burumendi errepideak behera egin du, beste behin ere. Ondorioz, Udalak errepidea ixteko erabakia hartu du, herritarren segurtasuna bermatzeko. “Errepidea itxita egongo da, bertatik pasatzea segurua izan arte”, azpimarratu du Joseba Palenzuela alkateak.

Lehendik ere errepidea behera egina zegoen, eta Udalaren kezka nagusien artean zegoen gaia. Konponbidea, ordea, ez zen erraza, eta errepidea apurtutaUdala denbora luzean aritu da konponbidea eman ahal izateko lanean. Udalak egindako gestioen ondorioz, errepidea konpontzeko obra egin ahal izateko tramiteak aurreratuta daude.

Obra egin ahal izateko, alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren URA ur agentziaren baimena beharrezkoa zen, eta Udalak lortua du. “Urtarrilaren 10ean jaso genuen lanak baimentzen dituen txostena”, adierazi du alkateak. Beste alde batetik, obra nork egin behar zuen erabaki beharra zegoen. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Portuen eta Aireportuen zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ondoren, obra aipatutako zuzendaritzaren esku geldituko dela erabaki dute. “Bidea Portuen zuzendaritzak egin zuen, eta Udalari eman zion obra amaitutakoan, baina ia hasieratik arazoak eman ditu. Azkenean, obra euren gain hartuko dutela adostu dugu”.

portuko bidea eusteko proiektuaSamikollatik portura doan errepidea egonkortzeko proiektua egina dago, jada. Haren arabera, mendiari eutsiko dion 55 metroko pareta eraikiko dute. Pareta bertikalean eta horizontalean jarritako piloteekin gogortuko dute. Proiektuaren esleipena egitea da hurrengo urratsa. Behin hori eginda, obra hasteko moduan egongo da. “Azken bi pauso horiek Portuen zuzendaritzak egin beharrekoak dira, eta euren asmoa tramite horiek ahalik eta azkarren egitea da”.