Santa Eskea herriko kultur taldeen alde izango da aurten

2013/01/16
Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute eta herriko bazter guztietara iritsi; ohi bezala, otsaileko lehen zapatuan aterako dira kantuan Santaeskaleak.

Bi helburu nagusi izango ditu aurtengo Santa Eskeak, batetik herritarren parte hartzea bultzatzea eta bestetik diru premian dauden herriko kultur taldeei laguntzea. Horretarako kultur taldeekin elkartu da bertso eskola eta Santa Eskean parte hartzeko deia luzatu die.

Urtero bezala, Santa Eskea otsaileko lehenengo zapatuan izango da, aurten otsailaren 2an, eta bertan batzen den dirua herriko kultur taldeentzat izango da. “Kultur taldeekin batu gara, eta haietako askok erakutsi dute parte hartzeko borondatea”, azaldu dute bertso eskolakoek. Herriko kultur taldeetan ari direnen parte hartzea, ordea, ez da berria. “Askok urtero parte hartzen dute Santa Eskea aurrera ateratzeko, kultur taldeetan egon ala ez”.

Aurtengo asmoa, ahalik eta jende gehien elkartu eta Santaeskaleak herriko bazter guztietara iristea da, kale nahiz baserri. Hau lortzeko, orain arte parte hartu ez duten herritarren laguntza beharko dute.

Santa Eskeko taldeak eta ibilbideak aurrez antolatu ahal izateko, parte hartzeko asmoa dutenek izena emateko zerrendak jarri dira Zubixa eta Loretxu tabernetan. “Santa eskea goiz eta arratsalde izaten da, baina nahi duenak parte har dezake goizean edo arratsaldean soilik”.

Parte hartzaileek, ohi bezala, bertso eskolak antolatutako bazkaria eta afaria edukiko dituzte. “Ez da ahaztu behar ere, kantuan doazenak oso ondo zaintzen dituztela han eta hemen”, azpimarratu dute. “Giroa ziurtatuta dago, eta parte hartzerakoan, gainera, herriko kultur taldeei aurrera egiten lagunduko diezue. Beraz, animatu Santa Eskean parte hartzera”. Hitzordua jarrita dago: otsailaren 2an, Luardo etxe aurrean (paiten plazan), goizeko 10:00etan.

 

DIOS TE SALVE ONGI ETORRI
JAUNAK ZORION DIELA
LEGEAREKIN KUNPLITZEN DEGU
SANTA ESKEKO EGUNA