Santo Tomasetan giroa izan da nagusi

2012/12/28
Eguraldiak lagundutako egun arrakastatsua bizi izan zuten mutrikuarrek abenduaren 22an.

Herritarrak gustura eta baserritarrak pozik. Hori da Debemengo eta Udaleko ordezkariek egindako balorazioaren laburpena.

Goizetik hasi ziren herritarrak tantaka-tantaka postuetara hurbiltzen. Baserritarrek ohi bezala, gustu handiarekin jarritako postuetan denetarik eskaintzen zuten: barazkiak, frutak, txakoliña, gaztaia... ikusgarria zegoen plaza, benetan.

Eguerdi aldera, erosketak egiteaz gain, txorixoa ere nahi zutenak biltzen hasi ziren, eta poliki-poliki plaza bete ere egin zen.

Goiko plazatik hasi eta Fondaberri parkeraino, berriz, animaliak ziren nagusi, eta haien inguruan, noski, gazteenak: astoak, hauntzak, txerriak, zezenak, behiak antzarrak... denetarik ikusi ahal izan zuten bertatik bertara.

Herritarren eskaintza izan zen nagusi postuetan, herriko antzerkilariak irribarreak eragin zituztenak eta herriko trikitilariak giroa jarri zutenak. Erreibindikaziorako tartea ere egon zen, eta urtero ohi bezala, presoak Euskal Herriratzeko deiarekin hainbat lagunek bat egin zuten.

Garai ilunean ere, argia egiten asmatu zuten guztien artean, eta egun ederra pasa zuten mutrikuarrek.

Eguneko argazkiak, udaletxeko facebook-ean eskegita daude.