TAO zerbitzua bihartik egongo da martxan Burumendin eta Saturraranen

2013/06/26
Udaltzainek zainduko dituzte guneak hasieran; uztailaren 1ean TAOzaina hasiko da lanean.

Iazko uda denboraldian bezalaxe, aurten ere, TAO zerbitzua egongo da Saturraranen eta Burumendin. Herrian ibilgailuen zerga ordaintzen ez duten guztiek ordaindu egin beharko dute bi gune horietan aparkatzearen truke, bihartik abuztuaren 31ra.

Hasieran udaltzainak izango dira bi guneen zainketa egingo dutenak. Uztailaren 1etik aurrera, ordea, TAO zainarekin batera egingo dute lan hori. “TAO zaina aukeratzeko prozesua martxan dauka Dornier enpresak. Aukeratutako pertsonarekin harremanetan jarriko dira aste honetan”, aitatu du Gobernazio buru Joxean Agirregomezkortak.

Zerbitzua herritarrentzat doakoa izango da; baita ibilgailuen zerga Mutrikun ordaintzen duten guztientzat ere. “Guzti horientzat zerbitzua doakoa izateko, pegatina bat bidali zaie etxera. Pegatinan bertan esaten du non jarri behar den, eta jarraibideei kasu egiteko eskatzen diogu jendeari, zaintzaileen lana erraztu eta gaizki ulertuak ekiditeko”, azaldu du Agirregomezkortak.

Udatiarrek ere txartela eskuratzeko aukera edukiko dute. Horretarako, etxebizitzen gaineko zerga Mutrikun ordaintzen dutela egiaztatuko da eta 40 euro ordaindu beharko dituzte.