Txertaketa tailerra gehituko zaio azoka txikiari zapatuan

2013/04/12
Herritarrek landare txertaketak egoki egiten ikasteko aukera edukiko dute; bost baserritako produktuak izango dituzte, beste behin, eskura.

Landare txertaketak edo injertoak egiteko tailerrra. Hori da zapatuko azoka txikiak ekarriko duen berezitasuna, eta harekin batera, herriko bost baserrietan ekoiztutako garaiko produktuak egongo dira aukeran.

Hileko bigarren zapatua heltzean, azoka txikiak hartzen du Beheko plaza. Bihar da aipautatako data, eta, beste behin ere, Mutrikuko Ibiri, Aritza, Antia, Basailun eta Goienetxe baserrietako ekoizleak han izango dira garaiko produktuen eskaintza zabalarekin.

Haiekin batera, Josu 'Mixkia' herritarra egongo da, eta bera izango da landareen txertaketa era egokian egiten erakutsiko duena. Tailerrean nahi duten guztiek parte hartzeko aukera edukiko dute.

Azokak 09:00etan irekiko ditu ateak eta eguerdia ondo sartu arte egongo da. Tailerra, berriz, 10:00ak aldera hasiko da. "Baratzeak dituztenentzat, edota baserritarrentzat eurentzat interesgarria izango da oso Josuk erakutsiko diguna", azaldu dute antolatzaileek".