Txosna berriarekin, Mutrikuko Samikollako jaiak berrikuntzekin datoz aurten

2013/09/05
Iazko egitaraua asko aldatu ez badute ere, beste behin ere Mutrikuko Samikolla auzoko jaiak indarberrituta datoz.

Auzoko gazteak dira dena mugiarazten dutenak. «Normalean beti-betikoak ibiltzen gara auzoko jaiak antolatzen. Aurten aldiz, belaunaldi berriek ere gogor lan egin dute, eta eskerrak haiei ere», adierazi du Garbiñe Agirregomezkorta Samikollako auzotarrak.

Egitaraua errepasatuta, iazko jaietatik aurtengora aldaketa handiegirik ere ez dagoela esan du. «Aurtengo berezitasuna txosna da. Izan ere, orain arte garaje bat zabaltzen genuen, taberna modura. Aurten, aldiz, txosna bat erosi dugu eta auzoko plazan bertan ipiniko dugu».
Aurrera begira, datozen urteetan ere txosna horrekin funtzionatuko dutela esan dute. «Gero, urtean zehar, beste auzo edo leku batzuetako bizilagunek hala eskatzen badute, txosna alokairuan utzi diezaiokegu».
Izatez auzoko jai eguna irailaren 10a bada ere (San Nikolas eguna), asteburuko egun bat hartzen dutela azaldu dute. «Jai giroa asteburura ere pasatu nahi izaten dugu eta».
Aurten, azken urteetan egin modura, auzotarrek momentu hunkigarririk ere biziko dute: omenaldia. Dagoeneko ohitura bihurtu den aipamenak auzoko plaza kuriosos beteko du martitzenean. «Omendua sekretua izaten da, baina bai, aurte ere badugu zein omendu».

Ilusioz antolatutako jaiak
Jaien antolaketarekin noiz hasten diren galdetzean, ekaina bukaera izendatu du Agirregomezkortak. «Ekaina bukaeran edo uztaila hasieran hasten gara. Tamalez abuztua beti tartean daukagu eta gero, azken momentuan ibiltzen gara. Baina nola edo hala, jaiak aurrera egiten du eta dena ondo ateratzen da».

Ilusioz antolatzen dituzte jaiak, eta auzotarrak direla barru-barruan sentitzen dute. Sentipen horrekin egiten dute dena: jaien antolakuntzarekin hasi eta jaia bera lehertu arte.
Txosnaz gain, aurten ping-pong lehiaketa egitea ere aurrikusi dute antolatzaileek. «Hori zapatuan egin nahi dugu, arratsaldean, umeentzako jolasen artean».
Dena ia prest dagoenean, auzotarrak azken prestaketak egiten daude murgilduta. Hori bai, auzoa, urteroko jaiak hartzeko prest dago. Horrela ba, beste behin ere, Samikolla jendez beteko da zapatuan eta martitzenean.

Egitaraua
Irailak 7, zapatua
-11:00. Jaien hasiera: txupinazoa eta brindisa.
-14:30. Auzo bazkaria.
-18:00. Pottokak eta zezen txikiak. Umeentzako askaria eta jolasak.
-22:30. Erromeria, Ezten giro taldearekin.


Irailak 10, martitzena
-11:00. Meza santua.
-Ondoren. Omenaldia.
-Jarraian. Salda eta txorizoa. Amaieran txartelen zozketa egingo da.

ITURRIA: HITZA