Udal tasak eta zergak %2,7 igoko dira

2013/01/08
Zabor tasa izango da igoerarik edukiko ez duen bakarra; 2013an mutrikuarrek 7,87 euro gutxiago ordainduko dituzte zerbitzuagatik.

Udal tasek eta zergek, orokorrean, %2,7 egingo dute gora. Zabor tasak, ordea, behera egingo du. Zaborra jasotzeagatik mutrikuarrek 7,87 euro gutxiago ordainduko dituzte 2013an.

Zaborren tasak aurten igoerarik ez edukitzea ahalbideratu duten bi faktore nagusi daude: etxebizitza berrien kopurua, eta bereziki, Udalak zaborren ordainketa erroldaren inguruan egindako lana. “Ordaintzaileen erroldan hutsuneak zeuden, eta erroldaren eguneraketan lan handia egin da. Lan horren helburua bakarra eta argia zen: denok jasotzen dugun zerbitzua denon artean ordaintzea”, azaldu du Joseba Palenzuela alkateak.

Esan bezala, gainontzeko tasa eta zergek, orokorrean, igoera bera jasan dute. Hala ere badira, zenbait salbuespen eta berezitasun, batez ere, zergen artean.

Ondasun higiezinen gaineko zerga, esaterako, %3 igoko da. “Etxebizitza hutsen kasuan, 4/2012 foru arauari jarraituz, azken kopuruak %75eko gainkarga jasango du”, adierazi du alkateak.

Trakzio mekanikoa duten ibilgailuen gaineko zergak ere berezitasun bat dauka. Izan ere, 14 zaldi fiskaletik gorako ibilgailuek ordaintzen duten zergak ere gora egingo du modu progresiboan. Azpimarratu beharra dago motor elektrikodunentzako %95eko hobaria jarri dela.

Azkenik, jarduera ekonomikoen gaineko zergan aldaketa bat eman da. Orain arte bi miloi eurotik behera fakturatzen zuten enpresak salbuetsita gelditzen ziren. Orain, berriz, kopuru hori aldatu egin da, eta miloi batetik behera fakturatzen dutenak daude salbuetsita. Aldaketa hau ere foru arauen araberakoa izan da.

Mutrikuko Udalak ezarritako ordenantzak bere osotasunean kontsultatu nahi izanez gero, abenduaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala kontsulta daiteke.