Udala Eusko Jaurlaritzarekin biltzeko zain dago oraindik

2013/06/25
Gobernu berria osatuz gero, portuarekin lotura duten sail guztietara jo du Udalak, erakundeen arteko elkarlana bultzatu nahian; kontseilariarekin biltzeko hitzordu eskaerari ez diote erantzun.

“Portua Udalaren eskumena ez izan arren, herrian dago, eta han egiten den guztiak herriaren etorkizunean eragin zuzena duenez, erakundeekin elkarlana bultzatu nahi izan dugu hasiera-hasieratik”, horrenbestez azaldu du Joseba Palenzuela alkateak Eusko Jaurlaritzaren gobernu berria osatu zenetik haiekin izandako hartu-eman etengabearen arrazoia. “Ingurumen eta Lurralde Politikako kontseilariarekin, ordea, hitzordua eskatua egon arren, oraindik ez digute erantzunik eman”, azpimarratu du.

Oregi sailburuari portuaren inguruan duen ikuskera eta proiektua azaldu nahi dizkio Udalak. Bertan, herriko portuan akuakultura, arrantza eta kirola uztartzen ditu Udalak. “Portua eta bertan egingo dena ez da Udalaren eskumena. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak herriaren nahia, asmoa eta gogoa zein den ezagutzea beharrezkoa dela uste dugu”, nabarmendu du alkateak. “Horretarako, eta gure nahia kontuan hartua izatea eskatzeko, gure esku dagoen guztia egin dugu eta egingo dugu”.

Gobernu berria eratu zenetik, Udalak harremanak izan ditu portuarekin erlazioa duten sailetako hainbat ordezkarirekin: Garraio sailburuorde Antonio Aizekin, Euskadiko Kirol Portuen zuzendari Edurne Egañarekin eta Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulorekin. 

Guztiei planteamendu bera egin zien Udalak: 2006tik indarrean dagoen Portuko Plan berezia berrikusi beharra dago, “ez baitator bat gaur egungo beharrekin”.

PORTU BARRUKO LANAK
Eusko Jaurlaritzak portu barruan hasita dituen obrak uda pasatu arte atzeratzeko eskaera ere egin zuen Udalak. 

Ezezkoaren aurrean, obrak hasi zirenetik gaur egunera arte, Jaurlaritzak eman nahi izan dituen pauso guztien gainean egon da Udala. Besteak beste, harribote gaineko zabalgunea, amarren kokapena, aparkalekuak eta amarre sozialak egiteko beharra izan dira landutako gaiak. “Portuko erabiltzaileengandik lehenik, eta gainontzeko herritarrengandik ondoren, jasotakoa agertu diegu kontuan hartzeko eskatuta, eta zabaleraren, amarre sozialen gaiaren, aparkalekuen inguruan...guk esandakoak entzun eta aztertzeko konpromisoa hartu dute”, azaldu du Palenzuelak.

DIKEA ETA ERREPIDEA
Jaurlaritzako ordezkarien mahai gainean jarritako beste bi gaiak dikea eta Samikolla-Burumendi errepidea izan dira. “Udalak dikea amaitzearen alde zegoela jakinarazi zion Aiz sailburuordeari egon zitezkeen zalantzak argitze aldera”. 

Errepidearen kasuan, berriz, konponketa Jaurlaritzak egingo zuela adostera heldu ziren. Hala ere, Udalaren eskaera, uda garairako, batez ere, errei bat irekitzea izan da, “portuko trafiko arazoari irtenbidea emateko”. “Azkenean, Udalak bere gain hartu behar izan du arazo horri irtenbidea emateko behin behineko konponbidea jartzea”. Behin betiko obra Jaurlaritzak egingo du. Esleipena eginda dauka, eta obra uztailaren amaieran hasi nahi dute. “Hori udaldia amaitu arte atzeratzea da haiekin negoziatu nahi dugun hurrengoa”.

ERAKUNDEEN ARTEKO LANA
Eusko Jaurlaritzarekin izandako harremanen arrazoia “alderdien gainetik, erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko nahia” izan da. “Erakundeen betebeharra, gainera, herritar guztien zerbitzura lan egitea da, eta herritar guztien onerako lan egitea. Horretarako derrigorrezkoa da erakundeok geure artean harremana eduki eta elkarrekin lan egiteko prest egotea”, azpimarratu du alkateak. “Jaurlaritzari orain arte elkarrekin egindako bideari heldu eta erakundeen arteko elkarlanean sinisteko eta jarraitzeko eskatzen diogu. Azken finean, haien eta gure lana hori da”.