Udalak herri barruko autobus zerbitzua jarri nahi du martxan

2013/05/22
Herritarrei proiektua aurkeztu zieten atzo, haien iritzi eta proposamenak jasotzeko; irisgarritasun arazoari konponbidea emateko ‘tresna garrantzitsua’ eskainiko du zerbitzuak.

 

Herriko hainbat gune lotuko dituen zerbitzua da herri-autobusarekin eskaini nahi duguna; herritarrei batetik bestera erraztasunez heltzeko modua eskaintzea”. Horrenbestez azaldu du Politika Sozialeko buru Arrate Urangak atzo aurkeztutako herri-autobusaren proiektuarekin lortu nahi dutena. 

Udalak ekainaren 17an hasi nahi du zerbitzua eskaintzen. “Irisgarritasun arazoari aurre egiteko tresna garrantzitsua izango delakoan gaude”. Herri barruko autobus zerbitzua martxan jarri aurretik, ordea, herritarren aurrean aurkeztu zuten udal ordezkariek. Haien iritzi eta proposamenak jaso nahi zituzten. 

Udal ordezkariak azaldu zutenez, herri-autobusarekin hiru helburu lortu nahi dituzte: herriko hainbat guneren arteko komunikazioa eta herritarrak batetik bestera joan ahal izatea; osasun etxearekin lotura zuzena edukitzea eta udaran hondartzarako garraio zerbitzua eskaintzea. “Udako zerbitzua, hasiera baten, ezingo da eskaini. Burumendira doan errepidea konpondutakoan ekingo genioke zerbitzu hori emateko egin beharreko aldaketei”.

ZERBITZUAREN EZAUGARRIAK
Herri-autobusak, hasiera baten, goizeko zerbitzua eskainiko du: 08:00etatik 13:00etara ibilbide zehatz baten barruan bueltaka ariko da.
Autobusa herritar guztientzako egokia izango da: ibilgailua egokituta dago, besteak beste,  elbarrituak edota umeen kotxeekin doazen gurasoak ere erabili ahal izateko.

Zerbitzua, baina, ez da doakoa izango: bidaia bakoitzak 50 zentimo balioko ditu. Herritarrek bonoak erosteko aukera ere izango dute: 5 euroren truke 12 bidaiako bonoa erosi ahal izango da. “Bonoak herriko zenbait denda eta tabernetan jarri nahi ditugu salgai. Haiekin harremanetan gaude, eta salmenta-puntuak zehaztu bezain laster jakinaraziko ditugu”.

IBILBIDEA ETA ORDUTEGIA
Autobusa orduro Txanbolingo errotondatik aterako da, eta bederatzi geltoki izango ditu herrian zehar. “Geltokiak jartzeko herriaren azterketa egin dugu, eta auzo bakoitzean bizi den herritar kopurua eta herritar horien adina izan da kontuan hartu ditugun aldagaiak”, azpimarratu du Urangak.

Autobusa 08:00etatik 12:00etara Txanbolindik aterako da, orduro, eta jarraituko duen ibilbidea honako hau da: Txanbolin, portuko zabalera (Bar Puerto aurrean), San Agustin kalea (Kutxako parean), Iriagirre, Goiko plaza, osasun etxea, Samikolla, Gabilondoneko ur-depositoa, Eladio tabernaren aurreko aldea eta osasun etxea. Geltokitik geltokira bost minutuko tartea egongo da, Eladio pareko geltokian izan ezik, han 08:37an pasako da lehena. “Geltoki bakoitzean ordutegia bera izango da pasatzen den ordu guztietan; hau da, Eladionetik pasako den bigarrena, 09:37an izango da, eta hurrengoa 10:37ean; eta horrela azkena pasa arte”.

Buelta osoak 40 minutuko iraupena dauka, eta ibilbidea birritan lortzen da osasun etxearekin. “40 minututik 60 mintura bitartean gelditzen den denbora, Mijoara joan-etorria egingo du hasiera baten”, azaldu du Urangak. “Besteak beste, bideko lantegietako langileak, Pikupen eta auzoko baserrietan bizi direnak, eta Saturraranera joan nahi dutenak dira balizko erabiltzaileak”.

AURRERA BEGIRA
Udalak 27.000 euroko inbertsioa egingo du abendura arte herri-autobusa eskaini ahal izateko. “Herritarrek sarri egindako eskaera bati erantzutea da gure asmoa, eta gure herriko auzoak lotzea derrigorrezkoa zela ikusten genuen: osasun etxera joateko ez ezik, goiko auzoetakoak behera, eta alderantziz, erraz heltzeko modua izatea nahi genuen, orain ez dutena”. Gauzak horrela, etorkizunean jarraipena izateko jaiotako proiektua dela adierazi zuten. 

Aurkezpen bileran herritarrek udako zerbitzua eta landa eremuekin lotura bota zituzten faltan. Udal ordezkariak gogoan dituzten puntuak direla jakinarazi zuten, baina, momentuz, zerbitzu horiek esakintzea ezinezkoa dela jakinarazi zuten. “Herrigunean zerbitzua eman eta zerbitzu hori egokitzea izango da gure lehen erronka. Behin hori eginda, eta azpiegiturak eta egoera ekonomikoa hobetzen diren heinean, erronka berriei eusteko moduan egongo gara”.