UDALAK MERKATU PLAZAKO ZAZPI SALMENTA-POSTU FINKO LIZITATUKO DITU

2015/10/23
Udalaren jabetzako Mutrikuko udal-merkatuan kokatuta dauden zazpi salmenta-postu finkoren erabilera pribatiboa ematea izango da lizitazio honen helburua. Merkatu plazan herriko merkataritza suspertzeko urrats berri honetan enplegua sortzea bilatzen da. Azaroaren seirako aurkeztu beharko izango dira eskaintzak.

Urriaren 22an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkian adierazten den moduan, azaroaren seian amaituko da lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek eskaintzak egiteko epea. Egun horretarako aurkeztu beharko dira eskatzen diren agiri guztiak udaletxeko idazkaritzan.

Lizitazioan adin nagusiko nahi duten pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte, berau arautuko duten baldintza agirian zehaztutako moduan. Baldintza agiri hori udaletxeko idazkaritzan eta udalaren web gunean (www.mutriku.eus/tramiteak/kontratatzaile perfila) eskuratu daiteke.

Laburtuta, hauek dira lehiaketan parte hartu nahi dutenek kontuan hartu beharreko zenbait datu:

Salmenta-postuak emateko erabiliko diren irizpideak ondokoak izango dira:

 

  • Baldintza ekonomikoak hobetzea.
  • Jarduerari loturiko hobekuntzak.
  • Egoera soziala, familiakoa, ekonomikoa eta lanekoa (langabezia egoera, karga familiarra, seme-alabak kargura eta elbarriak).
  • Enplegua sortzea eta autoenplegua sustatzea.
  • Ingurumenari eta iraunkortasunari loturiko irizpideak.
  • Udalak nahiz Debegesak antolatutako ekintzailetzaren inguruko programaren batean parte hartu izana.

 

Salmenta-postua eskuratzen dutenek kontratua sinatzen dutenean kanon bat ordaindu beharko dute. Kanon hori hobetu egin daiteke aurkeztutako proposamenetan. Udalak gutxienekoa honenbestean jarri du: 10 m2 baino gutxiagoko salmenta-postuentzat 300,00 €; 10 m2 baino gehiagoko salmenta-postuentzat 600,00 €.

Adierazitako kanon hori ordaindu ondoren, hilez hileko tasa bat ordaindu beharko da, indarrean dauden ordenantza fiskaletan jasotako prezioaren araberakoa. 2015 urtean indarrean den tasa, orientagarri izan dadin, metro karratuko eta hileko 3,33 eurokoa da.

Salmenta-postuak hartuko dituztenek behin betiko fidantza ezarri beharko dute udaletxean postuak hartu aurretik: 10 m2 baino gutxiagoko salmenta-postuengatik 1.000,00 €.; 10 m2 baino gehiagoko salmentapostuengatik 2.000,00 €.

Kontratuaren iraupena 10 urtekoa izango da, epea amaitutakoan luzatzeko aukera izanik.

Kontratazio honi dagokion espedientea nahiz erantsitako dokumentazio teknikoa aztertu edota informazioa zabaldu nahi dutenek Udal-idazkaritzara jo dezakete goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu biak arteko ordutegian.