Udalak portuaren inguruan duen ikuskera herritarrekin partekatuko du

2013/04/02
Lehenik gaiarekin erlazioa zuzena duten herriko lau eragilerekin batuko dira, eta ondoren, herri agerpena zabala egingo dute udal ordezkariek.

Mutrikuko Udalak portuaren etorkizuna bideratzeko landutako proposamena herriratzeko prozesua martxan jarriko du martxoaren 30ean. Udal proposamena gorpuzteko, portuko erabiltzaile guztiekin hiruzpalau bilera egin zituzten. Bertan izan ziren akuakultura eskola eta Kofradia ere. Gerora, Udal Hirigintza Batzordean landu dute gaia, eta batzordearen lanaren ondorioz prestatutako azken dokumentoa da herritarrei erakutsiko dietena.

Gaia herriratzeko, lehendabizi, portuaren gaiari lotutako talde antolatuekin batuko dira udal ordezkariak. “Haien interesak, ikuspuntua, iritzia… jasotzea da sektorekako bilera horien helburua”, azaldu du Joseba Palenzuela alkateak. “Bilera horietatik jasotakoarekin udal egitasmoa osatzea da asmoa eta gero herri agerpen zabala egitea”.

Udala lau eragilerekin batuko da zuzen zuzenean:

1.    Martxoak 30 (zapatua), 10:30ean, Arku-Gain Elkartean

Arrantzale oihak eta aktiboak jarraitzen duten arrantzaleak.

2.    Apirilak 9 (martitzena), 20:00etan, Zabiel kultur etxean.

Bertan Dendari eta Tabernari Elkartea.

3.    Apirilak 13 (zapatua), 11:00etan, Zabiel kultur etxean.

Portuko erabiltzaileak: arraun taldea, Kalatxori bela elkartea, Buceo Euskadiko kideak, Alkolea-Intxirriko bazkideak…

4.    Apirilak 13 (zapatua), 18:30ean, Gaztetxean.

Mutrikuko Gazte Asanblada.

Herri agerpena zabala, berriz, apirilaren 17an (eguaztena), 19:00etan, Zabiel kultur etxean izango da. “Portua eta bertan egingo dena ez da Udalaren eskumena. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak herriaren nahia, asmoa eta gogoa zein den jakitea beharrezkoa dela uste dugu”, nabarmendu du alkateak. “Horretarako, eta gure nahia kontuan hartua izatea eskatzeko, gure esku dagoen guztia egingo dugu”.