Ugaitz Mugerza aizkolaria Gipuzkoako lehen mailan ariko da hurrengo urtean

2014/07/09

Zapatuan Usurbilen jokatu zen Gipuzkoako bigarren mailako aizkora txapelketako finalean lehen postuan amaitu du Ugaitz Mugerza Mendizabal mutrikurrak. Finala irabazteaz gain, datorren urtean Gipuzkoako lehen mailan aritzeko txartela eskuratu du Mugerzak. Mugerzak, denetara, 13 minutu eta 52 segundu behar izan zituen lehen mailako plaza lortzeko.

Pozik agertu da Mugerza zapatuko garaipenarekin. «Bigarren mailan sekulako maila dago, ez da erraza izan igotzea. Igotzea gaitz egon da aurten». Horrenbestez, datorren urtean, gorengoko mailan Gipuzkoako bost aizkolari onenen artean aritzeko aukera izango du Olatz auzoko aizkolari mutrikuarrak. Datorren urtean, beraz, lehenengo mailari eusteari ekingo dio Ugaitz Mugerzak. «Ez da lan erraza izango, baina bertan mantentzen saiatuko gara. Lehenengo maila oso gogorra da, eta bertan mantentzeko ere lan handia egin beharko dut. Aita ere, bere garaian, maila batetik gora eta behera ibili ohi zen», gaineratu du Ugaitz Mugerzak.

Ugaitz Mugerzaren anaiak, Aratz Mugerzak, ordea, bosgarren amaitu zuen proba 16 minutu eta 59 segunduko denborarekin. «Anaiak sekulako zorte txarra izan zuen Usurbilgo finalean. Egur nahiko eskasa egokitu zitzaion, eta aizkoretako bat ere puskatu egin zitzaion. Pena handia izan da anai biok aurrean egon ezina. Hala ere, biotako batek irabazita pozik gaude biok», dio Ugaitz Mugerzak.