Xiriako Andonegi literatur lehiaketa antolatu du Udalak

2012/10/11
Lanek euskaraz aurkeztuak izan behar dute azaroaren 24a heldu orduko; 16 urtetik gorako herritarrei dago zuzenduta.

Lehengo aldia da Udalak Xiriako Andonegi lehiaketa antolatzen duena. 16 urtetik gorakoekin pentsatuta jarri dute martxan sormena bultzatzeko eta sustatzeko lehiaketa.

Ekimenaren atzean Udal Kultura eta Euskara Saila daude. "Herritarrek parte hartzea da gure nahia, baina ez dugu lehiaketa herrikoentzat bakarrik prestatu. Nahi duen guztiak parte har dezake", azaldu dute udal teknikariek. Lanak euskaraz izan beharko dute, eta azaroaren 24rako aurkeztu beharko dira.

Oinarriak hainbat bide erabiliz zabaldu dituzte, eta hemen ere eskuragarri daude.

Oinarrietan jasotakoaz gain, udalak epaimahaieen ingurukoak argitu nahi izan ditu.

Epaimahaia lau pertsonek osatuko dute. Lehenego biak Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrak izango dira. "Asko eskertzen diegu euren parte hartzea. Lanak irizpide zehatzen arabera epaituak izatea zen gure asmoa, eta horretarako mundu horretan ari direnengana jotea baino egokiagorik ez zegoela ikusi genuen", diote. Epaimahaiko beste bi lagunak herritarrak izango dira. "Literaturarekin harremana eta harekiko zaletasuna duten bi herritarrek osatuko dute irabazlearen izena erabakiko dutenen taldea".

Literatur lehiaketa Xiriako Andonegi eta garaikideen mendeurrenaren baitan antolatu diren ekimen bat gehiago izango da.