´Zaharren Eguna´ ospatuko dute bihar

2012/08/14
Ziñua Elkarteak hogeita bederatzigarrenez antolatuko du herriko helduenei zuzendutako eguna. 11:00etako mezarekin ekingo diote egunari, eta meza ondoren, udaletxe inguruan batuko dira.

Ziñua Elkartekoak ohi duten bezala, arraina, ardoa eta ogiaren eskaintza egingo dute mezatan. Amaitutakoan, nagusiei herriko txistulari eta dantzariek Agurra eskainiko diete.

Iaz egin zen bezala, hamaiketakoa jatera hurbildu aurretik, elizako eskilaretan argazkia aterako dute egunean parte hartzen duten nagusi guztiek, eta ondoren, udaletxera azpira bilduko dira. Ordurako Ziñuako bazkideek guztia prest edukiko dute.

amaiketako egin bitartean, trikiti doinuak izango dira nagusi, baita Jon Azpillagaren bertsoak ere. Egunari amaiera emateko, izendatuak izan ez diren herriko bi nagusienak omenduko dira. Iaz, toki hori bete zutenak  Mila Osa (92 urte) eta Alejandro Arreitunandia (85 urte) izan ziren.