Zapatuan azoka txikiak ateak irekiko ditu beste behin ere

2014/11/14
Beheko plazan herriko hainbat ekoizlek sasoiko produktuak eskuratzeko aukera esakiniko dute; gaztaina erreak ere banatuko dira borondatearen truke.

Zapatuan azoka txikia egongo da 09:00etatik 14:00etara, Beheko plazan. Herriko ekoizleek hainbat sasoiko produktu jarriko dituzte aukeran.

Ohi bezala, bertan egongo dira Mutrikuko Ibiri, Aritza, Antia, Basailun baserrietako produktuak, Iratxe loredendako loreak, Ondarek prestatutako kontserba eta mermeladak eta aurten Idiazabalgo Gazta Eguneko lehiaketa irabazi duen Goienetxe baserriko gazta ere egongo da.

Aurreko hilean bezala, oraingoan ere, Sagarminako fruta postua eta Julian Villenak Mutrikuko Armetxako auzoko erlauntzetan egindako eztia ere bertan egongo dira.

Gainera, sasoiko produktu bereziak dastatzeko aukera ere egongo da. 12:00etatik 14:00etara gaztain erreak jateko aukera ere egongo da Beheko Plazan. Herritarrek ez dute ezer ordaindu beharko, baina borondatea emateko aukera edukiko dute.