Zapatuan jarriko da martxan Antzerkiaz Blai

2014/11/14
Abenduaren 19ra arte hainbat antzezlan ikusteko aukera egongo da Zabielen.

Zapatuan hasiko da Antzerkiaz Blai! egitasmoa. Mutrikuko eta inguruko herrietako antzerkizaleen gosea asetzeko nahikoa antzerki dakartza aurtengo egitarauak.

Urtero bezala, herriko antzerki taldeen pisua handia izango da. Aurten ere, Goizeko Izarra eta Akelarre taldeen lanak ikusteko aukera izango da. Goizeko Izarrakoek, hilaren 23an, Titirinahaste 2014 emanaldia eskainiko dute. Bost sketch txiki egingo dituztela aurreratu du Iratxe Gimenez Mutrikuko kultura teknikariak. “Gai ezberdinak landuko dituzte”.

Akelarre gaztetxoez osaturiko antzerki taldeak, aldiz, hiru emanaldi eskainiko ditu. Azaroaren 28an,Akelarreko gaztetxoenek Ileapaindegia eta Hildakoa txabolan eskainiko dute. Abenduaren 16an, ordea, ikastetxeentzako saio berezi bat eskainiko dute taldeko nagusienek. “Goizez ikasleak etorriko dira bakarrik. Gerokoan, abenduaren 19an, antzerki saio berdina herritar guztiek ikusi ahal izango dituzte”.

Saio guztiak Zabiel Kultur Etxean eskainiko dira. Emanaldi guztiak doan izango dira, azaroaren 15ekoa izan ezik. Inazio Tolosa eta Ramon Agirre aktoreen Koka-Kola eta Barea saioa ikustera joateko 3 euroko sarrera ordaindu beharko da.

Testua: Mutrikuko Hitza

Egin klik irudian handitzeko.

Antzerkiaz blai 2014