Zesta puntaz gozatzeko aukera paregabeak daude Kalbaixotan

2013/09/11
Bariku iluntzean (hilak 13) Zoco Txapelketako finalak jokatuko dira; domeka gauean (hilak 15), berriz, Txurruka eta Egurbideren omenezko kinielak jokatuko dira.


Frontoiak protagonismo berezia hartuko du Kalbaixo jaietan. Izan ere, zesta puntako bi jaialdi bikain egongo dira: bata barikuan, 20:00etan, eta bestea, domekan, 22:30ean.

Barikukoa (hilak 13), Zoco Txapelketako finala izango da: 20 tantoko kinielak jokatuko dituzte gazte zein senior mailan.

Bikoteka ariko dira 20 tantoak lortzeko ahaleginetan. Finalean ariko diren jokalarien arten, hiru herrikoak dira: Lander, Andonegi eta Arrizabalaga.

Parte hartuko duten zestalari bikoteak honako hauek dira:

Gazte mailan

  • Retolaza-Azpitarte
  • Lander-Andonegi
  • Martin-Gandiaga
  • Iñaki-Arrizabalaga

 

Senior mailan

  • Barandika-Ubilla
  • Antxon-Arrien
  • Arbe-Garate
  • Lander-Leke

Txapelketaren baitan tarteko final gehiago ere jokatuko dira: Gernikan, Markina-Xemeinen, Berriatuan eta Durangon. Jaialdi horietako emaitzak eta Mutrikuko finalean lortzen dituzten emaitzak kontuan hartuta, lau bikote onenak, urriaren 11n, Markina-Xemeinen jokatuko den final nagusira sartuko dira. Finala, ETBk emango du zuzenean.

Domeka gauean (hilak 15), berriz, Danok Bat Pelota Elkarteak antolatutako jaialdiaz gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek. Jaialdia Patxi Txurruka eta Jose Antonio Egurbide herriko pelotari ohiei omenaldia izango da. "Biak AEBtan bizi dira, eta aurten, Kalbaixotan hemen daudela aprobetxatuta, aurtengo jaialdia euren omenez egitea erabaki dugu", azaldu dute Danok Bat Elkartetik. Omenaldiarekin haien ibilbide profesionala nabarmendu nahi dute. "Pelotari on asko eman ditu Mutrikuk. Poliki-poliki guztienagana heltzea da gure asmoa".

Domekan ere kinielak jokatuko dituzte. Oraingoan, ordea, 25 tantora izango dira. Eta jokatu duten lau bikoteak honako hauek dira:

  • Beitia-Garita (Mutriku)
  • Meabe-Zabala (Markina-Xemein)
  • Barandika-Leke (Gernika-Lumo)
  • Aimar-Ubilla (Berriatua)