Ziñua Elkarteari esker herriko helduek euren egunaz gozatu dute beste behin ere

2012/08/16
Herriko nagusiek elkarrekin bildu eta kontuak esateko aukera goxoari ez zioten uko egin, eta asko izan ziren Goiko Plazako ekitaldira hurbildu zirenak.

11:00etako mezarekin hasi zuten eguna. Ohi duten bezala, mezatara sartu orduko 70 urtetik gorako nagusiei krabelin gorria jarri zieten Ziñuako kide eta laguntzaileek. Amaieran, herriko txistulari eta dantzariek Agurra egin zieten, eta ondoren, hamaiketakoa egiteko aukera eduki zuten.

Ziñuako bazkideei esker hamaiketako ezin ederragoa eta oparoagoa egiteko modua izan zuten, eta giroa herriko trikitilarien eta Jon Azpillaga bertsolariaren esku egon zen. Jarraian eguneko omenduen izenak jakinarazi zituzten. Aurtengoan, herriko nagusienen izendapena Maria Jesus Yurrita Zumalabek (88 urte) eta Asensio Ansorregi Muniozgurenek (86 urte) jaso zuten, pozarren.

Joseba Palenzuela alkatea eta Ongizate zinegotzi Arrate Uranga izan ziren omenduei opariak banatzearen ardura izan zutenak. Alkateak hitza hartuta, nagusiei begiratu eta nolabaiteko inbidia sentitzen duela esan zien. "Ia gu ere zuek zaudeten lekura heltzen garen! Hori da eta guztion ilusioa", zioen irribarrez. "Zahar hitza batzuk ez dute gogoko, baina niri gustatzen zait; zaharra izatera heltzea gauza handia delakoan nago eta", ziurtatu zuen.

Alkateak ez zuen amaitu nahi izan Ziñuakoek egindako lana aipatu gabe, eta haiek egiten duten lana eta ahalegina nabarmendu eta goraipatu zituen. Haientzako txaloak eskatuta bukatu zuen alkateak, eta horretxekin eman zioten bukera egunari ere.

 

Eguneko argazkiak hemen ikusi ditzakezue, baita, hala nahi izanez gero, zuen ordenagailura jeitsi ere.