Ziriako Andonegi literatur lehiaketako sari nagusia Donostiara joan da

2012/12/27
18 urtetik gorakoetan 15 lan aurkeztu dituzte eta horietako bi herrikoenak izan dira.

Asier Osinalde donostiarrak eskuratu du lehengoz antolatu den Ziriako Andonegi literatur lehiaketa. Osinalderen Bederatzi pauso lanarentzat izan dira lehen sarirako Udalak eskaintzen zituen 600 euroak, eta Joseba Palenzuela alkatearen eskutik jaso ditu.

18 urtetik gorakoen artean 15 lan aurkeztu dituzte. Horien artean bi mutrikuarrak izan dira. Herriko onenarentzat ere bazen saririk: Joakin Larrañagaren Zazpian behar zuen izan da 200 euroko saria eskuratu duena.

16-18 urte bitartekoetan, berriz, Garazi Castaño, Altzako neska gaztea, izan da adin tarte horretako lan onenarentzat gordeta zeuden 100 euroak lortu dituena.

Epaimahaia Ana Urkizu eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrek erabaki dituzte. Horretarako, lanank eurak esku artean edukitzeaz gain, haien gainean Aitor Lizardi mutrikuarrak eta herriko irakurzaleen taldeko kideek zuten iritzia ere jaso zuten.

Udal Kultura Saila osatzen dutenak pozik agertu dira parte hartzearekin, baina datorren urterako herritarren kopurua igotzea nahi ko luketela adierazi dute, eta horretara zuzenduko dituzte indarrak.

OKELAR SARIAK

Okelar Bertso Paper Sariketan onena Amaia Agirre bertsolaria izan da. Minbiziari biziminez izenpean aurkeztutako hamar bertsoak izan dira txapela eta 300 euroak eskuratu dituztenak. Bigarren, iazko garaile Iñigo Legorburu gelditu zen. Harek aurkeztutakoa lana ere hamar bertsok osatu zuten eta Hitzaren ekonomia izenburua zeukan.

Helduen mailan 23 lan aurkeztu zituzten aurtengo sariketarako. Talde horretan mutrikuar onenaren saria Aitziber Azkuerentzat izan zen: Iluntasunari argia jarriz izenburupean bost bertso aurkeztu zituen.

16 urtetik beherakoen artean Maialen Akizu (Urretxu) izanh zen garaile eta adin tarte horretako mutrikuar onena, berriz, Beñat Alberdi.