EUSKAL KOSTALDEKO UNESCO GEOPARKEA

Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, euren balio natural eta kulturaletan oinarriturik.
www.geoparkea.eus

Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskal Herrian zein Kantaurialdean lehendabizikoa, asmo hauek Mutrikun, Deban, eta Zumaian praktikan jartzeko izpirituarekin eratu zen 2010ean.
Ordutik, Euskal Kostaldeko Geoparkean baliabide naturalak balioan jartzeko helburuarekin dihardugu lanean, bereziki eremu geologikoa, baina baita gure lurraldearen kultura propioa ere. Geure ondarea babestu nahi dugu belaunaldi berriei igortzeko.
Munduko Geoparkeen Sarea eta bere barnean Europako Geoparkeen Sarea lan egiteko modu jakin bat elkarbanatzen duten lurraldeek osatzen duten elkartea da. Lurraldeon helburua beren ondare eta inguruko balioak babestu eta sustatzea da; ondare geologikoa, batez ere.

Europako Geoparkeen Sarearen Gutuna


Europako Geoparkeen Sarearen Gutunak sarearen xede nagusiak biltzen ditu eta 2000. urtean onartu zuten, Lesbosen, Sarea sortu zuten lau herrialdeek. Europako geoparke bihurtu nahi duen lurralde orok karta hau onartu beharra dauka:


1. Europako geoparkeek mugak ondo zehaztuta izan behar dituzte, eta benetako garapen ekonomikoa emateko moduko zabalera izan behar dute. Aipatutako lurraldeek interes geologikoko puntu garrantzitsuak eduki behar dituzte, kalitate zientifikoaren, bitxikeriaren, eta balio estetikoaren edo hezitzailearen arabera kontrastatuak. Gainera, interes arkeologiko, ekologiko, historiko edo kulturaleko bestelako lekuak izan beharko dituzte.


2. Europako geoparkeek sare bat osatzen dute, eta babes eta kudeaketa neurri zenbait elkarbanatzen dituzte. Objektu geologikoak ezin dira inolaz ere hondatu, ez eta saldu ere. Europako geoparke bakoitza ondo definitutako egitura batek kudeatu behar du; lurralde horretan babesa, hobekuntzak eta garapen iraunkorrerako politikak betearazteko gai den egitura batek, hain zuzen.


3. Europako geoparkeek funtzio aktiboa betetzen dute beren lurraldeko garapen ekonomikoan; izan ere, ondare geologikoarekin eta turismo arduratsuaren eta geoturismoaren garapenarekin lotutako irudi orokorra indartzen dute. Europako geoparkeek beren lurraldean inpaktu zuzena dute, herritarren bizi-baldintzetan eta ingurumenean eragiten baitute. Gainera, biztanleek lurralde osoaren suspertzean aktiboki parte hartzea sustatu behar dute.


4. Europako geoparkeek ondare geologikoa babesteko metodoak garatu, esperimentatu eta hobetzen dituzte.


5. Europako geoparkeek ingurumen-heziketa, trebakuntza, Lurraren Zientzien askotariko diziplinetan ikerketa zientifikoak garatzea, ingurumen naturala hobetzea eta garapen iraunkorrerako politikak babesten dituzte.


6. Europako geoparkeek sarearen eraikitze eta kohesioan laguntzeko lan egin behar dute. Tokian tokiko enpresekin batera lan egiten dute, ondare geologikoarekin lotutako produktu berriak sortzea sustatzeko eta laguntzeko, Europako Geoparkeen Sareko beste kideen lanaren osagarri izateko helburuarekin.

Proiektuak eta ekimenak


Urte osoan zehar, Geoparkeak ondare geologiko eta naturalaren kontserbazioan lan egiten du (ekosistemen lehengoratzeak, interesgune geologikoak egokitzen eta egonkortzen, etab…) eta dibulgazio-jarduera ugari ere antolatzen ditu. Geoparkearen ondare naturala eta kulturala ezagutarazteko eta biztanleen parte-hartzea sustatzeko asmoz, besteak beste, Europako Geoparkeen Astea, Karstaren jaialdia, Gnat Zinema erakustaldia, hondartzak garbitzeko eta plastikoen laginak biltzeko jarduerak eta abar bultzatzen ditu. Hauez, gain, paleontologia, biodibertsitate, geologia eta hainbat gaien inguruko bilerak, ekitaldiak, erakusketak eta kongresuak antolatzen ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Ekoturismoa sustatzen


Ekoturismoa, naturguneak modu arduratsuan ezagutzea helburu duen bidaiatzeko modu bat da, beti, ingurumen inpaktuak txikiagotuz. Natura zaintzeko konrpromisoa duten enpresek eskaintzen dituzten esperientzien bitartez disfrutatu daiteke ekoturismoaz.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Espainiako Ekoturismo Elkarteko kide da eta Basquetour-ekin sinatutako hitzarmen bati esker, Geoparkearen parte diren 22 entitate laguntzaileak turismo elkarteko kide izatera pasa dira baita ere.
Espainian Ekoturismo Elkarteak, natura eta landa ingurunerako horren garrantzitsua den produktu turistikoa sustatzeko urteak daramatza lanean, betiere gune babestuen kontserbazioari lehentasuna emanez. Gaur egun dozenaka helmuga eta ehunka enpresa biltzen ditu elkarteak eta SoyEcoturista markarekin garapen jasangarriarekiko konpromisoa hartzen dute.