Zor bizia %91,6ra jaistea du helburua 2013ko aurrekontuak

2013/04/29
Aldundiarekin elkarlanean prestatutako plan ekonomikoari jarraituta, 2012 amaitzean, 240.000 euroko gerakin positiboa lortu du Udalak.

 

“Herriko ekonomia onbidean jartzea zen eta da gure erronka. Bide horretan lehen pausoak eman ditugu, eta horretan jarraitzea da 2013ko aurrekontuen atzean dagoena”. Horrenbestez azaldu zuen Joseba Palenzuela alkateak aurtengo udal aurrekontuen izaera eta izatea.

Aldundiarekin batera egindako plan ekonomiko-finantzarioak markatutako bidetik planteatu du Udalak 2013ko aurrekontua. Aurtengo helburua, Udalaren zor bizia %91,6ra jaistea izango da. “Azken bederatzi urteetako zor bizi baxuena izango da”, azpimarratu du alkateak.

Iazkoarekin alderatuta, aurrekontuak prestatzerakoan abiapuntu samurragoa eduki izana nabarmendu du alkateak. Izan ere, 2012. urtean bi lorpen ekonomiko garrantzitsu lortu dituzte,: alde batetik, Udalaren zor bizia %118tik % 106 jaitsi dute. “Plan ekonomikoak %110era jaistea aurreikusten zuen; hori baino zerbait gehiago ere lortu dugu”.

Beste alde batetik, 2012ko betebehar guztiei erantzun ondoren, 240.000 euroko gerakin positiboa lortu dute. “Diru hori Udalak duen zorrera bideratuko dugu”, nabarmendu du alkateak. “Lan asko gelditzen da egiteko, baina emandako lehen pausoak bide onetik doazela erakusten digute datu guztiek”, nabarmendu du.

2012a galera gabe amaitzeak, aurtengo aurrekontua hutsetik abiatzea ahalbideratu du. “Aurten ere emaitza positiboa izatea lortzea da gure jomuga”. Aurtengo aurrekontua 5.484.217,76 eurokoa da.

DIRU ITURRI NAGUSIAK ZAINTZEN

Udalaren finantzaketarako bi iturri nagusiak honakoak dira: Udalen Finantziaketarako Foru Foru Funtsa (UFFF) eta udalak kudeatzen dituen sarrerak (udal zergak eta tasak).

Zergen eta tasen bidez, aurten iazko baino diru gehiago jasotzea aurreikusten du Udalak. Zergen kasuan, 2012an, 998.400 euro jaso zituzten. Aurten, berriz, 1.084.800 euro jasotzea aurreikusten da. Tasei dagokienean, berriz, 2012an, 776.661 euro jaso zituzten, eta 2013ako aurreikuspena 857.138 eurokoa da. Igoera horren arazoiak honako hauek dira: Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) urteroko igoera, eta zerga-erroldak eguneratzen Udalak egindako lana. “Udalarekin ditugun betebehar fiskalak mutrikuar guztiok bete beharrekoak dira. Batzuk ez ordaintzeak besteengan jartzen du zama. Egindako ahaleginak hori zuzentzeko balio izan du”, azaldu du alkateak.

Foru funtsak, bere aldetik, aurrekontuaren erdia osatzen du: 2.676.000 euro. Azken urteetan urte hasieran emandako diruaren zati bat itzuli egin behar izan dela aurreikusita, eta Aldundiaren beraren gomendioa jarraituta, 2012an funtsaren %8 gorde zuen Udalak. “Horri esker Aldundiak bueltan eskatutako diruari erantzun ahal izan diogu, Udalari inolako galera ekonomikorik ekarri gabe”. 2013an, funtsaren %2 gordetzea dago aurreikusita.

Horretaz gain, 206.486euroko mailegua eskatzea ere aurreikusten dute aurrekontuan. “Plan ekonomikoaren betetze maila orain arte bezala eramanez gero, litekeena da mailegua eskatu behar ez izatea”, azpimarratu du alkateak.

INBERTSIOAK

2012ko planteamenduari jarraituta, 2013ko lan ildo nagusiak lau izango dira: herrigintza, hirigintza, politika soziala eta garapen sozio-ekonomikoa.

Herrigintzaren baitan, besteak beste, herritarrek eruek egindako eskaerei erantzungo die Udalak. Horretarako, 47.000 euro zuzenduko dituzte. “Sarri obra txikiak izaten dira; baina herritarren eguneroko bizitzan eragin nabarmena duten kontuak dira, eta horregatik eman nahi diegu garrantzi berezia”.

Hirigintzari dagokionean, herriaren beharrei erantzuten saiatzea da asmoa. Atal honetan irisgarritasunera zuzendutako lanetarako 16.000 euro jarriko ditu Udalak. “Atal honetan zein besteetan, inbertsio gehiago egin ahal izateko diru laguntzak lortzeko lanean ari gara, baita gainontzeko erakundeek herrian dirua inbertitzea lortzeko ere”.

Politika sozialean, berriz, helburua da, ahal den heinean behar gehien dutenei laguntzea. Alor honetan aipagarria da ekainetik aurrera martxan jarriko duten mikrobusa. “Gurea bezalako herri baten, herritarren irisgarritasun beharrei erantzun nahi izan diegu”.

Azkenik, garapen sozioekonomikoari lehentasuna emanda, etorkizuneko oinarriak jartzeko lanean jarraitu nahi du Udalak. Alor honen baitan, merkatu plaza eraberritzeko 73.000 euro inbertituko ditu Udalak. “Beste erakundeen laguntza ekonomikoa lortu dugu honetarako”. Horrez gain, beste 60.000 euro ere bideratuko dira herriko sektore ekonomikoak sustatzeko eta bultzatzeko.